San Adriango ermitan meza entzunda, Zegamara eta Segurara joango dira. Herri bazkaria Pilarrenean egingo dute.
Urteroko ohiturari jarraituz, San Adrianera erromeria egingo dute gaur idiazabaldarrek. 07:00etan hartuko dute autobusa Mujika jatetxearen aurrean, eta Otzaurtera joango dira. Handik oinez egingo dute San Adriango kobarainoko bidea. Meza entzungo dute San Adrianen, eta jarraian salda eta ardoa banatuko dituzte.
Behin tripa beteta, Zegamara jaitsiko dira autobusez. Zegaman, Santa Kruz baselizan, herriko alkateak ongi etorria egingo diete, eta Idiazabalgo alkatearekin trukatuko du aginte makila. Keinu sinbolikoa izaten da. Sinbolikoki, Zegamako alkateak agintzeko boterea emango dio Idiazabalgoari herria zeharkatzen duen bitartean.
Txistulariekin zeharkatuko dituzte Zegamako kaleak, eta Segurara joango dira. Han ere makila trukatuko dute bi alkateek, eta mokadutxoa egingo dute udaletxean. Idiazabalera itzulitakoan, 14:00 aldera, herri bazkaria egingo dute Pilarrenean. Arratsaldeko bostetan, berriz, gazteen txapelketako esku pilotako finalak jokatuko dituzte.
Antzinako ohitura.
Trinitate egunez ospatzen da urtero San Adriango erromeria. Garai batean idiazabaldarrek partzoneriako lurretara ganadua eramateko Seguratik eta Zegamatik igaro behar izaten zuten, eta usadio hori irudikatzen dute orain urtero. Lehen oinez egiten zuten ibilbide guztia, baina orain autobusez.