Aizpea gaztandegia saritu dute Erroman
Olaberriko Aizpea etxeko gaztak 3. saria jaso zuen, larunbatean, Erroma 2015 lehiaketan. Italiako hiriburuan bertan jaso zuten saria Mikel Etxezarreta eta Eli Arrillaga gaztagileek. Idiazabal jatorri izendapeneko beste gaztandegi bat ere saritu dute han: Galarretako (Araba) Azkarra etxeak bigarren egin du. Biak Artzai Gazta elkarteko kideak dira.
Erromako Merkataritza Ganberak antolatutako gazta lehiaketak sona handia du Italian eta Europan, gastronomia lehiaketen artean. Idiazabal Jatorri Izendapenaren kontseiluak zoriondu egin ditu Aizpeakoak eta Azkarrakoak: “Harro sentitzen gara hemen eta hemendik kanpo aitortuak izateagatik. Batez ere nazioarteko sariak lortzeagatik zoriontzen ditugu, jakinik gure artzainen eta gaztagileen lan ona hemendik kanpora ere ezin hobeto baloratzen dutela”.