Duela bi urte sortu zuten Donostialdeko Okupazio Bulegoa. Kaxilda liburudendan dute egoitza, eta aholkularitza legala eskaintzen diete okupatzeko asmoa dutenei.
Okupazioaren inguruko informazio gunea eta topagunea da Donostialdeko Okupazio Bulegoa. Kaxilda liburudendan dute egoitza, Donostiako Arroka kalean. Gipuzkoako okupazio esperientzien sarea osatzea da bulegoaren helburuetako bat. Horrez gain, okupazioaren inguruko eztabaida sustatu nahi dute, eta okupazioaren zilegitasuna defendatu. Azken finean, okupazioaren aukera argitara atera, eta jendarteari ezagutarazi nahi diote.
Duela bi urte sortu zen Donostialdeko Okupazio Bulegoa, 2013ko maiatzean. «Dagoeneko genuen sare informala koordinatzeko beharra ikusi genuen», adierazi du Ainara Mujikak. Bilboko eta beste hiri batzuetako okupazio bulegoetako esperientziak ezagutu zituzten lehenengo, eta Donostian bertan okupazio bulego bat sortzeko pausoak ematen hasi ziren gero. Hainbat bilera egin zituzten beste mugimendu sozial batzuetako jendearekin, eta dagoeneko bi urte daramatza martxan proiektuak.
Asteartero, 18:00etatik 20:00etara, Donostiako Kaxilda liburudendan izaten dira, ateak nahi dituenarentzat zabalik. Mujikak azaldu duenez, okupatzeko asmoa duten pertsonak joaten dira bulegora. «Informazio legala ematen dugu, baita gure esperientziatik abiatutako gomendioak ere». Bestalde, norbaitek egun eta ordu horretan joaterik ez badu, beste egun baterako hitzordua eskatzeko aukera ere badago.
Jabetza pribatuaren aurka
Etxebizitza eskubidea «espekulaziorako okasio» bihurtu dela uste dute Donostialdeko Okupazio Bulegoan. «Jende asko kale gorrian dagoenean, hainbeste etxebizitza hutsik egotea bidegabekeria da», esan du Mujikak. Egoera horren aurrean, oinarrizko beharrak asetzeko bakoitzak bere baliabideak erabili behar dituela uste dute, eta okupazioa da haien esku dagoen baliabideetako bat. Bestalde, jabetza pribatuak ezberdintasun sozialak sortzen dituela uste dute. Horregatik aldarrikatzen dute okupazioa.
Gipuzkoan hainbat gune okupatu daude gaur egun. «Auzo zein herri gehienetan badago etxe, gaztetxe… okupatu bat», adierazi du Mujikak. «Askotan ez dakigu daudenik ere, ez baitute publiko egiten, baina uste baino gehiago daude». Asko hustu egiten badituzte ere, etengabe okupazio berriak sortzen dira Mujikaren hitzetan.
Jarduera publikoa duten gune okupatuen artean hainbat eta hainbat aipa daitezke, esaterako, Donostiako Kortxoenea gaztetxea eta Itxasgain etxe okupatua. Gipuzkoan zehar, berriz, Hernaniko Karbonera etxearen kasua nabarmentzekoa da. Emakumeek soilik okupatutako etxe feminista da, eta laister hustu egingo dute. Hernanin bertan, Kontrakantxa gaztetxea ere okupatua da.
Okupazioari beldurra
Herriz herri, asko dira gune okupatuak, Andoainen, Lezon, Oiartzunen, Irunen… Dena den, gehiago egotea gustatuko litzaioke Mujikari. «Sozializatzen ari den praktika izan arren, oraindik mamu asko daude okupazioaren inguruan». Mamu horiek uxatzea da, hain zuren, Okupazio Bulegoaren eginkizunetako bat. Horretarako, bulegora joaten diren jendearekin lantzen dituzte izan ditzaketen beldurrak.
Dena den, mamuak benetan uxatzeko bidea gaia kalera ateratzea dela uste du Mujikak. «Guztion ardura da horrelako praktikak transmititzea eta gauzatzea». Okupazioaren aukera ezagutzera eman eta jendeari informazioa eskaintzeko helburuarekin, hainbat hitzaldi eskaintzen dituzte gaztetxeetan edota deitzen dieten beste hainbat tokitan. Hain zuzen ere, Urretxuko gaztetxean egingo dute hitzaldia ekainaren 5ean, Goierriko Okupazio Jardunaldien barruan.
Goierriko jardunaldiak
Goierrin ere badira okupatutako gune batzuk, esaterako, Beasaingo gaztetxea, Txomenane etxea Idiazabalen edo Kaxeta etxea Urretxun. Esperientzia horiek eta beste hainbat kontu landuko dituzte datozen asteetan Goierriko okupazio jardunaldietan. Beasaingo, Ordiziako eta Urretxuko gaztetxeek antolatu dituzte, elkarlalean.
«Okupazioa indartzeko» eta jendeari informazioa eskaintzeko helburuarekin antolatu dituzte jardunaldiak, eta hiru gaztetxeetan izango dira ekintzak. Hitzaldiak, tailerrak eta mahai inguruak izango dira, besteak beste. Okupazioaz gain, Gipuzkoako hainbat gaztetxeren esperientziak ere partekatuko dituzte. Gaur iluntzean egingo dute aurkezpena Ordiziako gaztetxean.
EGITARAUA
Ekainak 2, asteartea
Urretxu. Goierriko okupazio esperientziak, 19:00etan.
Ekainak 5, asteartea
Urretxu. Hitzaldia: Okupazioak: mugimendua, legea eta Donostialdeko Okupazio Bulegoaren ibilbidea. 19:00etan. Ondoren, bideo emanaldia: Ateak zabalduz..
Ekainak 6, larunbata
Ordizia. 10:00etan, okupaziorako tailer praktikoa. 14:00etan, bazkari autogestionatua.
Beasain. 17:30ean, okupazio eta autogestio esperientzia ezberdinak. 22:30ean, kontzertuak: Antihumano, Garrapatas eta Gaitze.
Ekainak 10, asteazkena
Beasain. Mahai ingurua gaztetxe ezberdinen esperientziei buruz. 19:00etan.
Ekainak 12, ostirala
Ordizia. Toma de decisiones y asamblerismo tailerra, 19:00etan.