Produktuen eraldaketa
Animalietatik datozen produktuen eraldaketari jartzen dizkio legeak baldintza gehien, baina edozein ekoizleek baldintza ugari bete behar izaten ditu bere produktuak merkaturatzeko. Sara Carracedok ...
Animalietatik datozen produktuen eraldaketari jartzen dizkio legeak baldintza gehien, baina edozein ekoizleek baldintza ugari bete behar izaten ditu bere produktuak merkaturatzeko. Sara Carracedok argitu dizkigu zalantzak.
Baserri askotan, eta etxe batean baino gehiagotan ere bai, garaian garaiko produktuekin marmeladak egin eta dozena erdi pote betetzen dira norbere kontsumorako. Zer egin daiteke baina, dozena erdi hori biderkatu eta salmentara bideratu nahi izanez gero? Zalantzak sortzen zaizkie ekoizleei. Legeari lotutakoak, batik bat. Baina, zer dio legeak? Zein baldintza bete behar dituzte marmelada poteek?
Sara Carracedo Elkolab aholkularitza enpresako teknikariaren hitzetan «Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban elikagai-artisautza legea egon badago, baina ez dago guztiz garatuta, eta produktu bakoitzaren eskakizunak zeintzuk diren ez da zehazten». Horrenbestez, Europako legediak arautzen du sektorea.
Lege horiek nolako instalakuntzak behar dituzten zehazten dute, besteak beste. Esate baterako, arrautza ekoizle batek, merkaturatu nahi baditu, klasifikazio zentro bat jarri behar du derrigor arrautza freskoak eta zikin edo apurtuta daudenak bereizteko. Lege zorrotzenak animalietatik eratorritako produktuen ingurukoak dira. «Produktu delikatuagoak dira, hasi eraldaketatik eta garraiora arte baldintza ugari bete behar dira».
Osasun erregistroa izango duen Eraldaketa Zentro bat irekiko dute Zaldibian
Garaian garaiko produktuez betetako otarren eskaria ere handituz doa bailaran. Carracedok, freskoak diren heinean, produktu errazenak direla dio: «Ekoizleek alea landatu, produktua jaso eta banatzen duten arte emandako pauso guztiak jasotzeko koadernoak dituzte». Produktu fresko horiek zuritu, moztu eta poltsetan sartuz gero, baldintzak biderkatu egiten dira.
Gipuzkoako Foru Aldundiak aurki irekiko du Zaldibian Eraldaketa Zentro bat. Bertan produktu ezberdinak eraldatu ahalko dira berme guztiekin; zentroak bere osasun erregistroa izango du. «Ekoizleentzat beren produktuak eraldatu eta merkatua nola dagoen frogatzeko aukera ona izan daiteke».
Sagar zukuen, marmeladen eta bestelako begetalen kontserbak, nahiz esnekien eraldaketak eta merkaturatzeak sortu du Goierri garaiko ekoizleen artean interes gehien. Produktuak merkaturatzeko garaian sortzen diren zalantza horiek guztiak argitzeko ikastaro bat egiten ari dira Urretxun. Bertatik Bertara dinamikan ari diren ekoizleek eskatuta, HAZI-Fraisoro eskolarekin batera Goimenek, Uggasa garapen agentziak eta Goierri garaiko udalek bultzatu dute ikastaroa.