Hartutako erabaki guztiak ez direla herritarren gustukoak izan eta ondo egindakoaren berri ematen ez dutela jakin diote.
Maiatzaren 24ko udal hauteskundeetan izandako emaitzen ondoren, gaizki egindakoak haurnartu eta irtenbidea bilatzeko beharra ikusi du Ordiziako EH Bilduk. Ordiziako udal gobernuan izan diren lau urteotan “lan handia” egin dutela diote, baina ez dutela egindakoaren berri ematen asmatu. Era berean, uste dute emaitzek erakutsi dutela erabaki guztiak ez direla herritar guztien gustukoak izan.
“Jabetu gara, eta hurrengo lau urteotan lehendik oker egindakoak zuzentzeko ekinbidea hartuko dugula adierazi nahi dizuegu”, azaldu dute ohar bidez. Hala, ondo eta gaizki egiteko arriskuak beregain hartu dituztela diote; egindakoa balioan jartzea bezala, gaizki egindakoa arduraz aitortu eta zuzentzea dagokiela.
Hauteskundeen ondorenean, bestalde, EH Bilduren oinarria “oso zabala” dela nabarmendu dute. “Gugan konfiantza jarri dutenei ez ezik, guganako konfiantzarik erakutsi ez dutenei ere dugun arduragatik erantzun beharra daukagu, eta horretarako talde ezin prestatuagoa dugunez, gure gogo, adimen eta jakintza guztia jarriko dugu herri honek aurrera egiten jarrai dezan”.
Datozen lau urteetara begira, “ordiziarren ongizatea helburu” gainontzeko udal alderdiei eskua luzatu diete elkarlanerako. EH Bilduren helburua herrigintza dela diote, hainbat esparrutatik: udal gobernutik, udaletik, nahiz udaletik kanpo, herritik “Zuzen ala oker, beti zintzotasunez aritu gara, eta aurrerantzean ere hala egingo dugu, beti Ordiziaren mesedetan”.