
Urretxuko Urrelur museoa ikusi ahalko da / Aimar Maiz
Gipuzkoako ondarea ezagutzera emateko Foru Aldundiak antolatu duen
Ondarea Bertatik Bertara egitasmoaren barruan, bost bisita gidatu egingo dira asteburuan Goierrin. Gipuzkoako 14 herrik parte hartuko dute saio horietan, eta tartean Lazkao, Ormaiztegi, Legazpi, Urretxu eta Segura daude.
Lazkaoko Beneditarren Fundaziora bisita gidatua bihar, hilak 6, izango da (10:30-12:30). Fundazioaren zuzendari Juan Jose Agirrek urtetan bildutako kartelak, aldizkariak, pegatinak eta hainbat agiri erakutsiko dizkie bisitariei. Plaza mugatuak dira (15), eta aurrez izena eman behar da: 943 88 87 81 .
Egurra eta harria Urretxun
Urretxuko bisitaldia ere bihar izango da, 10:00etatik 14:00etara. Mineral eta fosilak biltzen dituen Urrelur museora bisita eginez hasiko da eguna, segidan tailer didaktikoa izango da, eta bukatzeko Tourseko San Martin elizaren egurrezko arkitektura ezagutzeko aukera izango da. Bisita doan da .
Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan
Helene&Blanche Feillet emakume margolari aitzindariak XIX. mendeko Euskal Herrian erakusketaren bisita gidatua egingo da bihar, 11:00etan hasita. Mikel Alberdik gidatuko du saioa, eta doan da.
Segurako sekretu zaharrak
Seguran bihar zein etzi antolatu dituzte bisitak, goizez (12:00) zein arratsaldez (17:30). Ardixarra etxearen txokoak, eliza eta Lardizabal etxea ezagutzeko aukera eskainiko dute.
Legazpin berriz San Migel galdategia eta lantegiaren memoria historikoa ezagutu ahalko da igandean, 12:30ean. Izena eman behar da aurrez: 943 73 04 28.