Legorretan Herri Krosa jokatuko da bihar, Korpus Eguneko ospakizunetan
Haurren krosa jokatuko da lehendabizi, 10:30ean, eta helduena ondoren, 11:30ean.
Legorretan sustrai sakonak dituen Korpus Eguneko ospakizuna egingo dute bihar, hilak 6. Goierriko herri gehienetan ohitura galdu bada ere, legorretarrek, besteak beste, usadiozko afari merienda egingo dute arratsaldean, eta goizean, inguruko korrikalariek ondo ezagutzen duten Herri Krosaren 37. ekitaldia jokatuko da.
Goiz partea kirolari eskainiko diete. Haurren krosa jokatuko da lehendabizi, 10:30ean, eta helduena ondoren, 11:30ean. Bilkoin, Jota Kea eta Aldapa Haundi elkarteek antolatzen du krosa udalaren laguntzarekin. Izen-ematea doan da, eta 11:00etan itxiko da, udaletxean. Internet bidez ere eman daiteke izena: herrikrossa.com. Iaz 161 lasterkarik bukatu zuten.
Zahagi ardoa eta merienda
Arratsaldeari II. Barraskilo Lasterketarekin emango diete hasiera, 17:30ean. Partaideek beraien barraskiloak eraman ditzakete. Segidan 26. Ardo Dastatze Txapelketa izango da, eta ordu erdi bat beranduago udalak zahagi ardoa eskainiko die herritar eta bisitariei, aspaldiko ohiturari segida emanez.
Usadiozko afari-meriendarekin jarraituko du ospakizunak plazan, 19:30ak aldera. Ondoren, eta goizaldera arte, kalejira eta dantza saioa egingo da The Joselontxo’s txarangarekin.
Seguran musika eta afaria
Seguran ere bihar ospatuko dute Korpus Kristi eguna, Legorretan baino egitarau xumeagoarekin. 18:00etan, ikasturte bukaerako emanaldia egingo du Azpilla taldeak, eta 20:00etan ardoa banatuko da plazan. Eguna bukatzeko afaria egingo dute segurarrek.
Bestalde, aurtengo Korpuseko prozesioa bertan behera uztea erabaki dute Ordiziako parrokiakoek, asteburuan Erdi Aroko azoka ospatuko baita herri erdigunean. Meza Nagusia 12:30ean da, eta segidan santua jarriko dute ikusgai. Beti-Argi bandak eutsiko dio Korpuseko kontzertuari, baina Plaza Nagusian izan ordez, Garagartzan izango da.













