Zortzi taldek parte hartu dute AEKren IV.Pintxo Lehiaketan
Euskaltegiko ikasleek eta irakasleek osatutako zortzi taldek parte hartu dute aurten AEK-k antolatutako lehiaketan, eta Ordiziako goizeko A1 taldekoek egindako Amona mantangorria pintxoa izan da saritua. Beasaingo iluntzeko taldeak egindako Txapula pintxoak jaso du bigarren saria eta hirugarrena Ordiziako goizeko A2 taldekoek egindako Izokin kapritxoa pintxoak.
AEK-k kontatu duenez, “hasierako azalpenak eman ondoren, 18:15ak aldera, talde bakoitzak beharrezko osagaiak hartu eta pintxoak prestatzeari ekin” zioten. Ordubete pasatxo beranduago aurkeztu zuen talde bakoitzak bere pintxoa, eta “harrituta” ere geratu ziren “parte hartzaileak eta epaimahaiko kideak aurkeztu ziren pintxoen mailarekin”.
Kantoi tabernako Ekain Lorenzo eta Koro Ruiz Ordiziako Udaleko Gaztedia saileko arduraduna aritu ziren pintxorik onena aukeratzen, usaina, itxura, egitura eta zaporea aztertuta. Lorenzo eta Ruiz lanean ari ziren bitartean, berriz, parte hartzaileak eta euskaltegiko gainerako kideak pintxoak dastatzen aritu ziren.