36ko gerran hildakoak oroitzeko ekitaldia egin dute Zegaman
Joxe Urbizu hilobiratu dute, 79 urte ondoren.
Joxe Urbizu 1936an faxistek hil zuten zegamarra hilobiratzeko ekitaldia egin dute gaur Zegaman. 2013ko martxoan atera zituzten Urbasan hamar lagunen hezurrak, eta haietako bat Joxe Urbizu zela ebatzi zuten analisi genetikoek. Martin Urbizu aitaren bila abiatu zen gaztea, erreketeek eraman zutela-eta haren berri jakin nahiean. Etzegaraten (Idiazabal) faxistekin topo egin eta haiek hil zuten Joxe. Martin aita egun bat lehenago fusilatu egin zuten; haren gorpua non egon daitekeen badakiten arren, oraingoz ezin izan da berreskuratu. Haren familiak hala bultzatuta, gaur, 79 urte geroago, Zegamara itzuli dituzte Joxe Urbizuren hezurrak.
Hainbat erakundek eta herritar ugarik parte hartu duten ekitaldi instituzionala egin dute goizean Zegamako Udaletxean. Zegamako udal ordezkariez gain, Martin Garitano jarduneko ahaldun nagusia, Aintzane Ezenarro Memoriaren Institutuko zuzendaria eta Urbizuren senideak izan dira ekitaldian, 36ko altxamenduko eta frankismo garaiko biktimen hainbat elkarteetako kideekin batera. Zegaman izan da Pako Etxeberria forentsea ere. “Gure familiaren bizitza markatu duen gertakaria izan da Joxe eta Martinena. Gaur duintasuna itzuli diguzue”, esan du Zigor Etxeburua familiartekoak.
Aranzadi Zientzia Elkartearen izenean Pako Etxeberriak familiaren esku utzi ditu Urbizuren hezurrak eta familiak Edurne Albizu jarduneko alkatearen esku.
Udaletxeko ekitaldiaren ondoren, hilerrian utzi dituzte Urbizuren hezurrak, Oroimenaren Txokoa deitu duten oroitarrian. 36ko gerran hil zituzten gainontzeko zegamarren izenak ere jarri dituzte bertan. Ekitaldi hunkigarri batekin Agurra dantzatu eta herriko abesbatzaren doinuen laguntzarekin krabelin gorriak eskaini dituzte bertan bildu direnek.