Aldundiak antolatutako Herritarrekin Sarean egitasmoko bigarren topaketa egingo dute bihar Kursaalean, eta hainbat udaletako esperientziak partekatuko dituzte, tartean Segurakoa.
Besteak beste, aniztasun sarea osatzeko bilerak egin dituzte Seguran herritarrekin.
Euskal Herriko eta, bereziki, Gipuzkoako tokiko erakundeetako ordezkariak bilduko dira bihar Donostiako Kursaalean, Herritarrekin Sarean egitasmoko bigarren topaketan. Azken lau urteetan partaidetzaren inguruan egin diren esperientziak partekatuko dituzte bertan.
Egun osoko egitaraua prestatu dute. Goizean Foru Aldundiak bultzatu dituen parte hartze esperientziak jarriko dira mahai gainean. Eguerditik aurrera, berriz, udaletakoak. Besteak beste, Segurako Udaleko Esti Ripa zeharkako gaietako teknikariak parte hartuko du arratsaldeko saioan.
Segurako eta Asteasuko proiektu pilotoaren balorazioa
Herri txikietan gai bakoitzerako teknikari bat kontratatzeko modurik ez dagoela ikusita, Gipuzkoako Foru Aldundiak proiektu piloto bat jarri zuen martxan iaz Asteasun eta Seguran. Udal horiei diru laguntza eman zieten pertsona bana kontratatzeko, zeharkako gaietako teknikaria.
Seguran Ripa kontratatu zuten. Berdintasuna, euskara, parte hartzea eta aniztasuna udaleko egunerokotasunean lantzea izan da Riparen lana. Bihar, Asteasuko teknikariarekin batera, proiektu piloto honen balorazioa egingo du.