Udan osasungintzan hizkuntza-urraketa "okertu" egiten dela ohartarazi dute
Herritarrek euskaraz aritzeko dituzten arazoak jasotzeko formulario bat sortu dute
Kontseiluko osasun arloan lanean ari diren lantaldeko erakundeek (Behatokia, EHE, OEE, Topagunea eta Uema), LAB sindikatuarekin, Medikuntzako Asanbladak taldearekin eta Berdin elkartearekin batera, uda garaian osasun alorrean «etengabea» den hizkuntza-urraketa «okertu» egiten dela ohartarazi dute. Bide batez, herritarrek euskaraz aritzeko dituzten arazoak jasotzeko formulario bat sortu dute eta eskura dago euskarazbizinahidut.eus webgunean.
Langile elebidunen kontratazioan dagoen hutsunea salatu dute, hala Osakidetzan nola Osasunbidean. Hutsunea areagotu egiten da ordezkapenen kasuan eta uda partean ordezkapen kopuruak gora egiten du. Diotenez, «udan bereziki ordezkapenetan ez dira hizkuntza-eskubideak aintzat hartzen. Izan ere, ordezkatzen den lanpostuko eta berau kokaturiko zerbitzuaren euskalduntze mailan atzerapausoak ematen dira sarritan».
Osakidetzari eta Osasunbideari «dagozkien neurriak hartzeko» eskaera egin diete herritarren zein langileen hizkuntza-eskubideak bermatuta egon daitezen.
Iaz hainbat osasun zerbitzutan arazoak sortu zirela diote eta Osakidetzak irtenbide «partzialak» eman zituela, «beti ere, herritarrek nahiz eragileek egindako presioak eraginda». Edonola ere, ez dituztela «azaleko konponbideak» onartuko gaineratu dute:«Erroko aldaketak behar dira benetan hizkuntza-eskubideak bermatuak izan daitezen».
Bitartekoak
Zerbitzuen antolaketan neurriak hartu, langileria euskalduntzeko egitasmoak abiatu eta lana euskaraz egin ahal izateko bitartekoak ezartzea eskatu dute. Zerbitzua euskaraz emateko gaitasunik gabekoak kontratatzeko bidea egotea ez dela onargarria gaineratu dute.
Euskaraz bizi nahi dut dinamikaren webgunean jarritako formularioaren bitartez ordezkapen masiboen garaian langileen kexei bidea erraztu nahi diete. «Gure helburua osasun etxeetan gertatzen diren egoeren berri modu azkarrean jasotzea da», diote. Kexa horiek guztiak Hizkuntz Eskubideen Behatokiak kudeatuko dituela jakinarazi dute.













