Idiazabalgo Kooperatibak Ordiziako errugbi taldea babesten jarraituko du datorren denboraldian ere. Ampo eta ORE filosofia berak batzen dituela azaldu dute
Idiazabalgo Ampo Kooperatibak beste urtebetez babestuko du Ordiziako Rugby Elkartea. Hala, 2015-16 denboraldian ere, elkarlanean jarduteko konpromisoa hartu dute bi aldeek. Elkarteak, kooperatibak egiten urtez urte egiten duen ahalegina eta «klubari ematen dion babesa» eskertu nahi izan dizkio Ampori.
Dagoeneko urte askota daramatzate bi taldeek elkarlanean; izan ere, 2007. urtearen bukaeran hasi zen Ampo OREko lehen taldea babesten. Bi taldeak «filosofia berak» batzen dituela azaldu du klubak. «Kiroletik haratago doazen baloreak dira, lanarekin eta giza garapenarekin loturikoak, AMPO bezalako talde batean ere oinarrizkoak direnak». Bide horretatik, «errugbiak dituen baloreetan liderrak» izateko lanean jarraituko dutela azaldu dute.
Azken kromoak
Ordizia Rugby Elkarteak jakinarazi duenez, taldearen kromo bilduma osatzeko falta diren aleak zuzenean eskatzeko aukera jarriko dute. Horretarako, klubak Domingo Unanue plazan duen lokalera jo behar da. Ekainaren 18ra arte eskuratu ahal izango dira, astelehenetik ostegunera, 18:00etatik 20:00etara. Kromo bakoitzaren kostua 25 zentimokoa izango da.