Udari ongi etorria emateko erromeria, Urbian
Mendia eta dantza uztartezko hitzordua berezia egin dute igande honetan Urbian: mendierromeria. Aiko taldeak eta Euskal Kanping Elkarteak antolatutako erromeria da, igandean, ekainak 14, arratsaldez egingo dutena. Iazko erromeriaren arrakasta ikusita, aurten ere errepikatzea erabaki dute antolatzaileek. Arratsaldeko 15:30ean emango diote hasiera dantzaldiari, aldez aurretik, ordea, 12:00etatik 14:00etara Aiko taldekoek lehen pausoak emateko hastapen ikastaroa eskainiko dute. Talde hau musikari, koreografo eta dantza maisuz osatutako elkarte kulturala da.
“Jarduera tradizionalen, herri guztiak inguruneaz gozatuz parte hartzen zuen ospakizunen sustapena” da lortu nahi dutena Aiko taldeak eta Euskal Kanping Elkarteak. “Mendia maite dugulako antolatu dugu erromeria berezi hau Urbiako landetan, baina mendia bezain garrantzitsua dugu dantza gure herriko kulturan, eta praktika-faltaren ondorioz inork aintzakiarik izan ez dezan, tailer bat prestatu dugu nork bere baitan daraman dantzaria ezagutzeko aukera izan dezan”, dio Txema Garai elkarteko presidenteak.