Ordiziako ikastetxeekin eta kultur eta gizarte arloko eragileekin batera, giza eskubideen inguruko gogoeta egiteko proiektua jarri dute martxan. Dagoeneko 900 bat ikasle ari dira parte hartzen
Dar Dar ekoiztetxeko Iker eta Asier Zinkunegi anaiek gidatuko dute proiektua
Herritarren arteko elkarbizitza hobetzeko helburuarekin jarri zuten martxan Hiri Hezitzailea proiektua Ordizian. Orain, beste pauso bat eman eta giza eskubideen inguruko lanketa berezia egingo dute. Urtebeteko epean, herriko ikastetxeekin, elkarteekin eta arlo ezberdinetako eragileekin landuko dute gaia. Ostiralean aurkeztuko dute proiektua herritarren aurrean, hilaren 12a, umeen lanaren kontrako eguna dela aprobetxatuz.
Dar Dar kooperatibako Asier eta Iker Zinkunegi anaiak arduratuko dira proiektua dinamizatzeaz. Dagoeneko lanketaren lehen fasearekin hasita daudela azaldu dute. Asier Zinkunegiren hitzetan, «ikastetxeetan abiatuta Ordiziako gizarte osoan zehar zabaltzen» joan nahi dute. Jakintza eta Urdaneta ikastetxeetako 900 gaztetxo inguru ari dira proiektuan parte hartzen, eta «genero berdintasuna edota desberdin izateko eskubidea» bezalako gaiak landu dituzte, «beti ere giza eskubideen marko horretan kokatuta».
Proiektuaren bigarren fasean berriz, «Ordiziako eragile eta herritarrekin giza eskubideen inguruan, ekintza, jarduera edo programa desberdinak» garatuko dituztela azaldu dute. Elkarlan horretatik, egitasmo ezberdinak sortzea espero dute, eta giza eskubideen inguruan herrian egiten diren ekintza ezberdinak batu eta forma bat ematea.