Maiatzean urtarrilean baino 280 langabe gutxiago zeuden, 3.773 denera .Goierrin %10,85eko langabezia tasa neurtu da, orain urte bat baino puntu bat txikiagoa .Egindako kontratuen %91 aldi batekoak dira
Goierrin langabezia-tasa handiena du Beasainek
Langabeziaren datuek hobera egin dute, 2015. urtea hasi zenetik. Urtarriletik maiatzera igaro diren bost hilabeteetan, joera orokorra beheranzkoa izan da. Urte hasieran baino 282 goierritar gutxiago zenbatu dituzte enplegu bulegoek. %6,95 jaitsi da tasa. Hala ere, Goierrin oraindik 3.748 biztanle daude langabezia erregistratuan (Lanbideren arabera, 3.773).
Biztanleria aktiboaren hamarretik bat pasatxo ari da lan bila, gaur egun. %10,85 da tasa, maiatzeko azken datuaren arabera. Urtearteko datuak alderatuz, puntu bat beheratu da: 2014ko maiatzean %11,84ko langabezia tasa zegoen Goierri osoan, 22 udalerriak aintzat hartuta.
Behera egin duena, aurten egin du langabe kopuruak. Izan ere, urtarrilean %11,79ko tasarekin jarraitzen zuen eskualdeak, 4.055 langaberekin. Harrezkero, ordea, biztanleria aktiboa handitu bada ere (%1,08 gora, 34.753 pertsonaraino), langabezia ia %7 jaitsi da.
Batik bat Goierri garaian sumatu da lanpostu sorreran susperraldia. Azpieskualde horretan %8,24 egin du behera langabeziak, urtarriletik maiatzera. Epe horretan 143 lagun gutxiago daude erregistratuta. Zenbaki absolutuetan Goierri behearen antzera, 139 pertsona murriztu baita kopurua, %5,99 gutxituz. Urtearteko datuekin segiz (2014ko maiatzetik 2015eko maiatzera), ordea, Goierri behean tasa %8,67 jaitsi da, eta Goierri garaian gutxixeago, baina jaitsi: %5,46 behera.
Lan kontratuak, motzerako
Ilbeltzetik maiatzera arteko bidean nagusiki beherantz egin du langabeziak Goierrin. Baina gora-beheratsua izan da joera, hilabeteka. Otsailean (-%1,65), apirilean (-%3,38) eta maiatzean (-%2,25) jaitsi egin da langabezia, aurreko hilabetearekin alderatuta. Urtarrilean (+%1,83), eta martxoan (+%0,17), aldiz, igoera izan zuen.
Langabezia erregistratuaren datuekin batera, lan kontratuen maiatzeko kopurua ere eman du Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoak. Aurreko hilean, Goierri osoan guztira 1.229 lan kontratu egin ziren. Baina iraupenez aldi baterakoak izan ziren horietatik 1.122 (%91,3). Hasieratik iraupen mugagabekoak 59 kontratu bakarrik egin dira (%4,8), eta aldi baterako 48 kontratu mugagabe bihurtu dira (%3,9).
Zerbitzuen sektorean sinatu ziren maiatzean Goierriko kontratu gehien: 798 (guztizkoaren (%65). Ondoren, industrian izenpetu dira beste 378 pertsona (kontratatutakoen %30). Eraikuntza 51 kontraturekin (%4,1) eta nekazaritza 2 kontraturekin (%0,16), oso atzetik daude. Aldi baterakoak izateaz gain, iraupen oso motzekoak dira, gaur egun, egiten diren lan kontratuak. Hamarretik sei enplegatu berri hilabeterako edo gutxiagorako hartu zituzten apirilean.
1.229 lan kontratu
Goierrin maiatzean zehar 1.229 lan kontratu egin ziren. Horietatik %91,3 aldi baterako izaerakoak dira; mugagabeak 59, eta mugagabe bihurtutakoak 48. Iraupen motza. Apirilean zehar Gipuzkoan egin ziren 14.326 kontratuetatik %62 hilabete bateko iraupena baino gutxiago lanean aritzeko izan ziren.