Irailean jarri zuten martxan hamar ikaslerekin, eta amaitzear den ikasturtearen balorazio ona egin dute gurasoek .Gabirian egingo dute Eskola Txikien Festa bihar, 10:30ean hasi eta iluntzera arte
Gabiriako Balentzategi herri eskolak antolatu du aurtengo Eskola Txikien Festa. / Maialen Igartua
Bihar Gabirian bilduko dira Gipuzkoako Eskola Txikiak, urteroko festa opatzeko. Aurreko urteetan Goierriko lau eskolak parte hartu izan dute festa horretan: Zeraingoak, Gabiriakoak, Olaberriakoak eta Itsasondokoak. Ikasturte honetan, ordea, kide berri bat batu zaie: Ezkio-Itsasoko herri eskola. Urtetan herrian eskolarik gabe izan ondoren, irailean jarri zuten martxan hamar ikaslerekin.
Amaitzear den ikasturtearen
balorazio oso positiboa egin du Ezkio-Itsasoko herri eskolako Ganbara guraso elkarteak. Itziar Etxezarreta lehendakariaren esanetan, «ilusioz» hasi zuten ikasturtea, eta «uste baino emaitza hobeak» jaso dituzte. Eskola izateak, gainera, herriari ere bizia ekarri diola adierazi du. «Orain arte parke huts bat zena orain haurrez betetzen da». Bestalde, gurasoek elkar ezagutu eta harremanak estutzeko ere balio izan du eskolak.
Datorren ikasturteari begira ere baikor daude. Zazpi haur gehiago matrikulatu dira, eta
eraikin berrira pasako dira, gainera. Udaletxe zaharra zegoen lekuan ari dira eskola eraikitzeko lanetan, eta irailerako prest edukiko dituzte gela batzuk. Ekainaren amaieran hasiko dira altzariak eraikin berrira pasatzen. 2016-2017 ikasturterako Hezkuntza Proiektua ere ari dira garatzen irakasle, guraso, ikasle eta udalaren artean.
Egun osoko festa Gabirian.
Ikasturteari amaiera borobila emateko, Eskola Txikien festan izango dira bihar. Gabiriako Balentzategi herri eskolak egun osoko festa antolatu du. Bigarren aldia dute, 1.991an ere Gabiriak antolatu baitzuen festa.
10:30ean aurkezpen ekitaldia egingo dute plazan, eta goizean zehar haurrentzako ekintzak izango dira. Lau gunetan banatuta, hainbat lanbide ezagutzeko aukera izango dute haurrek. Aurpegiak eta txapak margotzeko gunea ere izango da, baita tokan eta bola jokoan aritzekoa ere.
Bazkaria 14:00etan izango da, karpan. Izena emanda ez dutenek Ostatun edo herriko elkarteetan plater konbinatuak jateko aukera dute, eta etxetik eramaten dutenentzat ere mahaiak jarriko dituzte. Arratsaldean jarraituko du jaiak. Zirko ikuskizuna, apar festa eta
Salda Badago taldearen kontzertua izango dira.
Bestalde, trafiko arazoak sahiesteko, bihar ezingo da autoz igo Gabiriara. Baimena duten autoei bakarrik utziko diete pasatzen. Dena den,
autobus zerbitzua jarriko dute Irizarko biribilgunetik.