Jose Miguel Santamariak agintea hartu du Ordizian, Igor Egurenen eskutik
Eguerdian egin dute Ordizian udal osaketa berrirako osoko bilkura. Dozenaka herritarren begiradapean zinegotzi kargurako zin egin eta alkatea aukeratu dute maiatzaren 24ko udal hauteskundeetan aukeratuak izan ziren ordezkariek. Hala, EAJko Jose Miguel Santamaria izango da datozen lau urteetako alkatea Ordizian.
Bozketan hamaika botoetatik sei jaso ditu EAJk, bost EH Bilduk. Ordizia Oraineko bi ordezkariak, berriz, abstenitu egin dira. Azken asteetan zalantzan izan bada ere udal osaketa nola izango zen, atzo Ordizia Orain taldeak beste alderdirik babestu ez zutela ziurtatu ondoren, jakina zen gaur goizerako EAJrena izango zela alkatetza.
Hunkituta hitz egin du Igor Egurenek. “Alkate izan naiz eta horregatik gogoratuko naute, baina gogoratuko naute ondoan izan ditudanengatik, lan-taldeagatik, langundu gaituzten guztiengatik, lagunengatik eta etxekoengatik”. Zorionak eman dizkio Jose Miguel Santamariari EH Bilduko ordezkariak eta zorte ona opa dio. Era berean, “herritarrek emandako mezua” ulertu dutela aitortu du Egurenek.
Jose Miguel Santamariak, bere aldetik, eskerrak eman dizkie herritar guztiei jasotako babesagatik eta datozen lau urteetan lana arduraz egiteko zina egin du. “Eskerrak eman nahi dizkiet bidelagun izan diren guztiei, eta batez ere familiari. Hemen gauden guztion konpromisoa ausarta da, herriaren alde lan egiteko gaudelako”, esan du. Ordiziarrek “akordioa” agindu dutela aurreratu du Santamariak, beraz gainontzeko alderdiei eskua luzatuz elkarrekin lan egiteko gonbita egin die. “Udal ordezkariok, langileek eta herritar guztiok batera egin behar dugu lan”, esan du.
Santamariaz gain, Maria Angelica Moreno, Arantxa Fernandez, Bittor Bolinaga eta Jose Inazio Iturriozek osatuko dute EAJren taldea. Igor Eguren, Belen Maiza, Adur Ezenarro, Izaro Intsausti eta Jon Ander Caballero arituko dira EH Bilduren izenean. Ordizia Orainen bi ordezkariak Mila Sukia eta Antxon Sanz izango dira; eta PSEren ordezkaria Iñaki Dubreuil.