Sahararen aldeko krosak 5.000 euro bildu ditu aurten
Sahararen aldeko krosa egiten dute urtero Ormaiztegin, eta aurten, 5.000 euro bildu dituzte lasterketa horretan. Gaur, probaren antolatzaileek txekea eman diete Gipuzkoako Sahararen Lagunak elkartekoei. Hauek, Saharako errefuxiatu kanpamenduetara bideratuko dute laguntza hori, “hango bizi-baldintza gogorrak arintzeko proiektuetarako”.
Sahara krosak urteak daramatza elkarteari laguntza hori ematen, eta elkarlan horri esker, behar bereziak dituzten haurrentzako eskola bat eraiki dute, besteak beste. Mediku postu bat materialez eta sendagaiz hornitzeko laguntza ere eman dute.
Antolatzaileek, beraien esker ona agertu diete lasterketan parte hartu duten guztiei, baita diruz edo beste edozein eratara laguntza eman dutenei ere. “Sahararen egoera larria eta bidegabea” dela azaldu dute, eta “denboran gehiegi luzatzen” ari dela. Hala, “sahararrek izugarri eskertzen dute gure laguntza”, egoera arintzeaz gain, “bakarrik ez daudela” sentiarazten baitie. Hala ere, “guztiok dakigu horrek ez duela arazoa konpontzen, auzia politikoa” baita.