Eskola Txikien festa ospatzen ari dira Gabirian
Eskola Txikien Festa ospatzen ari dira Gabirian Balentzategi Herri Eskolak antolatuta. Eskola txikiek herri txikiak bizirik iraun dezaten duten garrantzia aldarrikatuko dute bertan, Eskola Txikiak Birizik goiburupean. Gaurkoa Gabirian egun hau ospatzen den bigarren aldia da, 1991an jaso zuen festa lehenengoz.
Goizeko hamarretatik aurrera ekin diote festari egitarau zabalarekin eta oraingoz eguraldia lagun, herrian prestatu dituzten lau gunetan hainbat ekintza egiten ari dira. Bi gunetan herriko lanbide erakusketa egiten ari dira: perragintza, abarkagintza, gaztagintza… Bola jokoan eta tokan aritzeko aukera ere badute, baita aurpegian margotzeko eta txapak egiteko ere. Arratsaldean ere jarraituko du festak Gabirian. Zirkoa, apar festa eta egunari amaiera jartzeko Salda Badago taldearen kontzertua izango dute.
Gabiriara gerturatu nahi dutenentzat autobus zerbitzua jarri dute Irizargo biribilgunetik, izan ere autoek baimen berezia beharko dute herrira sartzeko.