Emanaldiak daude gaur Legazpin, Zegaman eta Lazkaon eta bihar, Legazpin, Urretxun eta Beasainen

Urteko sasoi honetan musika ikasleek ikasturtean zehar ikasitakoa erakusten dute eta, aurten ere, makina bat emanaldi antolatu dute eskualdeko musika eskoletan.
Legazpin, atzo hasi ziren ikasturte amaierako entzunaldiak. Piano eta biolin ikasleek jo zuten, Latxartegin. Hurrengo bi emanaldiak toki berean izango dira, 18:00etan. Gaur piano, klarinete eta saxofoi ikasleek joko dute eta bihar gitarra ikasleek. Osteguneko kontzertua ere bertan izango da, baina 19:30ean. Ikasle helduek joko dute.
Doinu Eder eraikinean kontzertu bat emango dute: bihar, 17:00etan, perkusio ikasleek joko dute. Trikitixa ikasleek, berriz, Bikuña jauregian joko dute: 19an, 18:00etan. Bukatzeko, ekainaren 20an ikasle guztiek kontzertua emango dute San Migel elizan. Emanaldia 12:00etan hasiko da.
Urretxu eta Zumarragako Secundino Esnaola musika eskolari dagokionez, bihar ikasturte amaierako kontzertua emango dute. Labeaga aretoan izango da, 19:00etan.
Tobera musika eskolakoek ere asteburu honetan egingo dituzte ikasturte amaierako kontzertuak: gaur Zegaman eta ostegunean Seguran. Bi kontzertuak herriko plazan izango dira, 18:30ean. Idiazabalgoa ere ostegunean izango da: 18:00etan Pilarrenean.
Lazkaon atzo hasi zuten emanaldi zikloa eta datorren astelehenean bukatuko dute. Gaur kantu ikasleek abestuko dute (18:00etan kultur etxeko erakusketa gelan), bihar trikitixa eta biolin ikasleek joko dute (toki berean, 17:30etik aurrera) eta datorren astelehenean musika hezkuntzako laugarren mailako ikasleei diplomak banatuko dizkiete. Hauek, diplomak jasotzeaz gain, emanaldia egingo dute. Ekitaldia kultur etxean izango da, 18:00etan.
Beasain eta Ordiziako musika eskolek ere kontzertuak antolatu dituzte, noski. Gehienak, aurreko asteetan eman dituzte. Ordizian kontzertu bakarra falta da: ostiralean, 18:30ean, ikasturte amaierako kontzertua emango dute ikasle guztiek Herri Antzokian.
Beasaingo kontzertuak
Beasainen hiru kontzertu egongo dira. Guztiak 19:30ean. Bihar biolin eta piano ikasleek joko dute Igartzan, ostegunean ikasturte amaierako kontzertua emango dute toki berean eta ostiralean musika festa egongo da Gernika pasealekuko frontoian.