Goierri behean eta garaian aukeratutako 10na proiektu ekonomikoki bideragarriak diren aztertuko dute orain teknikariek
Gipuzkoako Foru Aldundiko Herritarren Partaidetzarako Zuzendaritzak sustatutako Partaidetza Aurrekontuak egitasmoak gainditu du dagoeneko bigarren fasea. Goierri behean –Goiekin– eta garaian –Uggasan– egin dira azken egunetan herritarren proposamenak lehenesteko azken batzarrak, eta dagoeneko Aldundiko teknikarien esku daude Goierriko bi eremu horietan lehenetsiko diren 10na proiektu.
Herritarrek aukeratutako proposamenak ekonomikoki eta juridikoki bideragarriak diren aztertuko dute udan zehar Foru Aldundiko teknikariek. Irailaren erdialdean, berriz, eskualdean egingo diren bi batzar irekietan bideragarriak diren proiektuen inguruan eztabaidatuko dute herritarrek, eta batzar horietan parte hartzen duten herritarrek onartuko dute Foru Aldundiaren 2016-2019ko aurrekontuetan txertatuko diren egitasmoen zerrenda. Aldundiko departamentu bakoitzak egitasmoak aurreikusteaz gain, Batzar Nagusietako talde politikoen ordezkariei aurkeztuko dizkiete.
245 proposamen guztira
Aldundiak udaberri hasieran abiatu zuen ekimen hau, eta haren aurrekontuetako 20 milioi euro herritarren esku jarri ditu. Horietatik lau milioi dagozkio Goierriri, bina beheari eta goiari. Partaidetza tailerrak egin ziren lehendabizi herriz herri proposamenak jasotzeko, eta bigarren fasean lehenetsitako ekarpenen zerrenda osatu da. Guztira 245 proposamen jaso dira –145 Goierri behean eta 100 Goierri Garaian–, eta eremu bakoitzean 10na hobetsi dira. Bi irizpide hartu dira kontuan: proiektuek bi udalerriri baino gehiagori eragitea eta Foru Aldundiko eskumenekoa izatea. Irizpideak betetzen ez dituzten proposamenak baztertu egin dira.
Goierri behean, euskara, aniztasuna, berdintasuna eta partaidetzari bultzada ematea hobetsi da. Naturarekin eta lehen sektorearekin lotura duten gaiei ere lehentasuna eman zaie (landa bideak, Oiangu, elikadura burujabetza, salmenta zuzena, natura eta gastronomia), baita kultura arlokoei ere (kultura sustatzeko proiektuak Legorretan eta Ordizian). Eskualdeko gizarte sarea koordinatzeko bulego baten sorrera ere aurreikusi da.
Goierri garaian babes gehien jaso duen proposamena Emakumeen etxearen sorrera da. Itsasoko Kontzeju Etxea lehengoratzeari ere garrantzia eman zaio. Ortoprotesika eta errehabilitazio robotiko esparruan eragitea eta ekintzaileentzako gune partekatuak sortzea ere hobetsi da, baita ezintasun fisikoak eta psikikoak dituzten pertsonentzako plan integrala diseinatzea ere.
Udazkenean jarraipena
Iraileko bigarren hamabostaldian erabakiko dute herritarrek datozen lau urteetan Goierriko bi eremuetan zein proiektu garatuko den. 2019a bitarte, urtez urte txertatuko ditu proiektuok Aldundiak aurrekontuetan.
LEHENETSITAKO PROIEKTUAK
GOIERRI BEHEA:
- Euskara, aniztasuna, berdintasuna eta parte-hartzea zeharkakotasunez lantzeko azken lau urteetan Aldundiak hasitako bidea eskualdean txertatu, batez ere, herri txikien kontzeptuan.
- Landa bideak konpondu eta erabilgarri jartzea. (Araia-Urbia; Ordizia-Larraitz-Lizarrusti-Ataun-Lazkao…).
- Elikadura burujabetza. Bertan ekoitzitako produktuen salmenta sustatu, eta bertako produktuen jale bihurtzeko, bertako ekoizleak identifikatu eta saretu.
- Ordiziako Oiangu parkearen garapena. Natur eskola, aterpetxea eta energia berriztagarrien gunea sortu.
- Baserritarren salmenta zuzena bultzatu. Eskaintza hori daukaten baserriak seinalizatu. Panelak jarri, eta azoka ibiltariak eta bisita gidatuak egin.
GOIERRI GARAIA:
- Goierri garaiko Emakumeen etxea. Gaur egun Zumarragan badago ahalduntze eskola bat eta bertan egiten den lana eta zerbitzua ezagutzera ematea da helburua.
- Itsasoko Kontzeju Etxea zaharberritu. Ondare historiko-artistikoa berreskuratzea.
- Onbideratu. Ortoprotesika eta errehabilitazio robotiko alorrean eskualdearen garapena.
- Gizarte politika. Ezintasun fisiko eta psikikoak dituzten pertsonentzako plan integrala diseinatu eta aurrera eraman.
- ‘Zeure biografia’. Lan honen bitartez 65 urtetik gorakoen bizitza nolakoa izan den jasoko da.