Bareak Merkatari Elkarteak bigarren urtez antolatu du Udari Ongietorria kanpaina. Produktuak kalera ateratzeaz gain, umeen txokoa eta zumba jaia izango dira
Beasaingo merkatariek udari ongietorria emango diote bihar (ostirala), egun osorako antolatutako ekitaldiekin. Izan ere, Bareak elkarteak bigarren urtez antolatu du Udari Ongietorria kanpaina. Elkarteak azaldu duenez, «eguraldi onaren etorrera aprobetxatuz, jendea kalera irtetera animatu» nahi dute. Hala, herria puztukiekin dekoratu eta hondartzako baloiak banatuko dituzte bezeroen artean.
Kanpaina honen berezitasunetako bat da, dendariek beraien produktuak kalera aterako dituztela. Ohiko ordutegian egingo dute, goizez zein arratsaldez. Baina Udari Ongietorria egitasmoaren barruan, beste hainbat ekintza ere antolatu dituzte. Batetik, umeen txokoa jarriko dute. Bideluze plazan puzgarriak izango dira arratsaldean, eta Nafarroa etorbidean, aurpegia margotuko diete umeei.
Loinazko San Martin plazan berriz, Makrozumba saioa egingo dute, 17:30ean. Doakoa izango da eta ez dago apuntatu beharrik; hala ere, joateko asmoa dutenei elkarteko kideren batekin harremanetan jartzeko eskatu diete. Zumba saioaren ondoren, txankleta jaurtiketa lehiaketa egingo dute.
Ostiraletan txotx
Bestalde, Bareak elkarteko tabernariek Ostiraletan Txotx kanpaina jarri dute martxan, udako ostiral guztietarako. Sagardo botila eta mokadua 6.40 euroan hartzeko aukera izango da herriko zortzi tabernatan: Arrano, Basakana, Batzoki, Bideluze, Bodega Riojana, Kuluska, Plazape eta Xerbera.