Fruituen eta barazkien eguzki beharra nabarmena da, garaiko eskaintza eta aurrera begira egin beharreko lanak markatzen baititu.
Edurne Jauregi azenario berriekin
Eguraldiaren marka nabarmena izaten da bai asteroko eskaintzan baita jendearen aldarte eta erosketa joeretan ere. Atzo ahoz aho zebilen ez dela hau ekainean egin beharreko eguraldia, nahiz eta garaiotan uholdeak ezagutuak direla esan batek baino gehiagok.
Momentuz, marrubi, andere mahats gorri eta beltza, mugurdia, ahabia eta denen artean, gerezia nagusi. Hemengoa, Gabirikoa, 3 euroan kiloa. Kanpotik ekarritako kiloak eta kiloak plaza inguratuz jarri ohi diren postuetan 2,5-5 euro artean kiloa. Hamabi hilabete, hamabi produktu kanpainan bera da protagonista.
Barazkietan aukera polita dago, berotegikoak ez ezik, gero eta aire libreko gehiago. Lehen azenario berriak hasi dira euroan sorta. Hau ere urte guztian ikusten da saltokietan, baita azokako mahaietan ere, baina ez da etxekoa izaten azken asteetan ikusitakoa. Berrien garaia oraintxe hasten da, eta nabarmena da hemengoa, txiki fin-fina izaten baita lehen sorta hauetakoa. Gainerakoan kuiatxo, luzoker, perexil heze, mota askotako urazak eta patata, ia aire librekoa hasi da.
Landareetan, udazkeneko eskaintza hasita dago, baina eguraldiak lagungu ezean geldirik. Atzo, tokika kazkabarrak hondatutakoak, berriz ere landatzeko erostera etorritakorik izan zen.
Arkumeari dagokionez, udaletxekoek jarri ohi duten baskula urrira arte ez dutela jarriko adierazi dute, izan ere Tolosako hiltokiak ez du arkumerik hilko hurrengo denboraldira arte, urrira arte alegia.
Aparteko gazta salmenta
Juan Ramon Lizarraga Leitzako harakinak astero jarri ohi du bere salmenta postua, udaletxetik igo eta bertan. Txarkuteria bereziki, eta Leitzako artzain gazta ere saldu ohi du. Duela 15 egun Gasteiztik etorrritako 10-11 urteko ikasleekin aparteko arrakasta izan zuen: «Batek gurasoei opari eman nahi ziela eta probatzera eman nion, puska txiki bat erosi, besteei aipatu eta genituen guztiak erosi zituzten. Gazta bakoitzeko 8 puska egin eta genituen guztiak ziplo». Pedagogia txangoko protagonista gazteak berezo fin bihurtu ziren.