Oiangu inguruko landareak ezagutzea izango da ginkanaren helburua. 10:30ean hasiko da eta 6 eta 12 urteko haurrei zuzendua dago.

Ordiziako Oiangu parkean bi ekintza antolatu dituzte larunbaterako: ginkana jolasa eta astronomia gaua. Bat goizean, eta bestea gauean. Oiangu inguruko landareak ezagutzea izango da ginkanaren helburua. 10:30ean hasko da eta 6 eta 12 urteko haurrei zuzendua dago. Parkean zehar egingo dituzten jolasen bitartez, Oiangun dauden hainbat landare espezie ezagutzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Ekintzak hiru orduko iraupena izango du gutxi gorabehera. Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika Sailak gidatuko du ginkana. Azalpenak euskaraz emango dituzte.
Parte hartzaileei katiuskak eramateko gomendatu diete antolatzaileek. Maiatzean egitekoak ziren ginkana baina eguraldiagatik atzeratu egin zuten. Iragarpenak dioenari jarraituz, larunbatean eguraldi ona izango da.
Astronomia gaua
Gauean, 21:00etan, ere beste hitzordu bat dago baserriaren pareko zelaian. Kasu honetan, zerura begira jarriko dituzte Oiangura hurbiltzen direnak. Aranzadiko astronomoek erabiltzen dituzten tresnak erabiliz ilargia, Artizarra, Jupiter eta Saturno planetak ikusten saiatuko dira.
Dena den, zerua sakonago aztertzen ere saiatuko dira: «Zerua iluntzen den heinean konstelazioak ezberdinduko dira eta teleskopioen bitartez zeru sakoneko objektu batzuk behatu ahal izango ditugu gauerdi-arte, hala nola, nebulosak, kumuluak eta galaxiak», diote antolatzaileek.
Behaketan ari diren bitartean, astronomoek gerturatzen direnen galderak erantzungo dituzte. Parte hartzaileei prismatikoak eta planisferioak eramateko dei egiten die antolatzaileek.
Eguraldiak baldintzatuko du behaketa, eta eguraldiak laguntzen ez badu, Aranzadikoek badute bigarren plan bat: «Zerua estalia badago Astronomia saileko bazkideek gau horretako zeru behagarriaren simulazio bat aurkeztuko digute, baita euren astroargazkilarien bitartez lortutako zeruko objektu nagusien irudiak ere».
Belar meta ekainaren 27an
Datorren asterako ere beste ekintza bat prestatu dute Oiangun. Almitza Sega Elkarteko segalarien laguntzaz, belar meta bat egingo dute. Larunbatean izango da, 17:00etatik aurrera. Behar adina belar eduki ahal izateko, Oianguko zelai bat itxi egin dute.