Uztailaren 4an Akaitz Txiki II kobara egingo dute irteera, eta urriaren 31n, Patatasorora. Felix Ugarte Espeleologia taldeko adituekin egingo dira. Aurrez eman behar da izena.
Akaitz Txiki II kobara bisitaldia antolatu dute Lizarrustiko Parketxetik.
Aralar natur parkearen erraiak ikusteko eta ezagutzeko aukera eskaintzen du Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak. Felix Ugarte Espeleologia taldeko adituen eskutik egingo dira bisitaldiak.
Zailtasun desberdineko irteerak antolatu dituzte. Uztailaren 4an Akaitz Txiki II kobara egingo dutena, adibidez, zailtasuna tekniko gutxien duen irteera da. Hala ere, fosilak eta estalagmitak ikusteko barrunbe aberatsa da. Urtaroaren eta euri kopuruaren arabera, gainera, aintzira txiki bat ere ikus daiteke. Jose Migel Barandiaranek Brontze Aroko zeramika hondakinak aurkitu zituen Akaitz Txiki II kobaren sarreran.
Lizarrustiko parketxetik 09:30ean abiatuko da bisitaldia. Barrunberaino iristeko ordu bete inguruko bidea egin beharko da, eta kobaren bisitak ordubete edo ordu eta erdi iraungo du. Bide bera ere ikasgai bihurtuko dute: Enirio aldea ikusiko dute ibiltariek, Aralarko formazio karstikoaren nondik norakoak ezagutzeko. Lizarrustirako itzulera, 14:30etarako dago aurreikusita.
Bisitaldiko plazak mugatuak dira, eta aurrez izena eman behar da: barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net – 943 180 335. Hogei euro ordaindu beharko dira pertsonako; aurrez ordaindu behar da. Gutxieneko adina 12 urte da. Antolatzaileek kaskoak, argiteria eta eskularruak eramango dituzte parte hartzaileentzat, baina uretako botak eta aldatzeko arropa eramatea gomendatzen dute, baita xira-galtzak ere.
Bigarren irteera udazkenean egingo dute, urriaren 31n, Patatasorora. Zailtasun handiagoko barrunbea da Patatasorokoa. Irteera hori ere 20 euro kostako da.