2014ko gazte mailako Gipuzkoako itzulia Olaberrian
Gaur ostirala hasiko da junior mailako txirrindularien 26. Gipuzkoako Itzulia. Kategoria horretako etapakako lasterketa garrantzitsuena da, herrialdean. Azken urteetan ohi duen bezala, Goierrin ikusi ahalko da jubenilen tropela. Etapa bakarra jokatuko dute, aurten, bailaran: Olaberrian, 1. etapa. Seguran ere antolatu izan dute, bukaerakoa sarritan (astelehenekoa). Aurten, ordea, errepideko Gipuzkoako Txapelketa antolatu berriak dira —ekainare 6an izan zen, Seguran—, eta Itzuliarekin atseden hartuko dute.
Aian (Gipuzkoa) 2,5 kilometroko erlojupeko aitzinetapa batekin hasiko da gaur Itzulia, ohitura den modura. Bihar, larunbata, errepideko lehen etapa Olaberria-Olaberria izango da. 75 kilometroko ibilbidea prestatu du Arkupe elkarteak. Lineako hiru etapetatik motzena da, baina bost mendaterekin, gora-beheratsuena.
Goizeko hamarretan hasita
Olaberritik abiatuko dira ziklistak, bihar goizean 10:00etan. Ihurrera arte neutralizatua da. Zegamara joan-etorria egin, eta Ormaiztegitik Lierni (3. maila) igoko dute lehenik. Seguratik bueltan, Lazkaotik Olaberria (2. maila) gainditu beharko dute hurrena, eta hirugarren biran Gabiria Alegia aldetik (2.) eta jarraian Lierni (3.). Olaberriko gainean bukatuko da etapa, 12:00ak pasatxoan, Korta eta Ojarbi baserrietako aldapa pikotik igota.
Bigarren etapa, igandekoa, Andoain-Andoain izango dute gazteek (92,7 km). Andazarrate eta Xoxoka dituzte mendateak, biak 2. mailakoak.
Azken etapa Tolosan (87,5 km) da, astelehen arratsaldean. Goierritik sartu-irtena egingo dute. Gaintza (2.) igoko dute Ordizia-Zaldibia bidetik gora, 17:20a aldera. Hain zuzen, San Joan jaiak dituzte errepideko hiru etapak antolatu dituzten herrietan.