Olaberriako San Joan jaien barruan, Gipuzkoako gazteen mailako txirrindularitza itzuliko lehen etapa Olaberrian hasi eta amaitu da.
Txirrindulariak Olaberrian, ateratzeko zain. / Maialen Igartua
Atzo hasi zen gazteen mailako txirrindularien 26. Gipuzkoako Itzulia, Aian. 2,5 kilometroko erlojupeko aitzinetapa jokatu zuten atzo, eta Unai Orbea izan zen garaile. Gaur, berriz, errepideko lehen etapa jokatu dute Olaberrian, eta
Carlos Ruizek irabazi du, Lizarte taldekoak.
Bi orduan egin du 75 kilometroko ibilbidea.
Olaberriako plazatik irten dira txirrindulariak 10:30ean, eguzkiak bete betean jotzen zuela. Ihurrera bitartean neutralizatuta joan dira, autoen atzetik. Zegamara joan-etorria egin, eta Ormaiztegitik
Lierni (3. maila) igo dute lehenik. Seguratik bueltan, Lazkaotik Olaberria (2. maila) gainditu dute hurrena, eta hirugarren biran
Gabiria Alegia aldetik (2.) eta jarraian Lierni (3.). Olaberriko gainean bukatu da etapa, Korta eta Ojarbi baserrietako aldapa pikotik igota.
Ruizen atzetik
Asier Etxeberria (Quesos Albeniz) eta Nicolas Saenz (Loiumat-Andamios Inox) sartu dira helmugara. Sailkapen osoa gtxe.org webgunean ikus daiteke.
Hurrengo etapak Andoainen eta Tolosan
Bigarren etapa, biharkoa, Andoain-Andoain izango dute gazteek (92,7 km). Andazarrate eta Xoxoka dituzte mendateak, biak 2. mailakoak. Azken etapa Tolosan (87,5 km) da, astelehen arratsaldean. Goierritik sartu-irtena egingo dute. Gaintza (2.) igoko dute Ordizia-Zaldibia bidetik gora, 17:20a aldera.
San Joan festak Olaberrian
Olaberrian San Joan festak ospatzen ari dira (egitaraua) Goizeko txirrindulari lasterketaz gain, beste hainbat ekintza ere antolatu dituzte astebururako. Gaur iluntzean, esaterako, arkume txuletak erreko dituzte parrilan, eta bihar bola txapelketa izango dute. Asteazkenean amaituko dira jaiak.