Goierriko Hitzak Gure Esku Dagoren Donostiako ekitaldiaren jarraipen berezia egingo du bihar
Goizean goizetik hasita, zabal emango du bihar Goierriko Hitzak Donostiako aldarrikapen-festa egunaren berri. Donostian bertan izango diren kazetariek goizetik web atarian eta Twitterren (@GoierriHitza) egingo dute egunaren jarraipena; eguerdiko oihal-katea ere argazkietan jasoko du. Arratsaldean, berriz, Donostiako Anoetako ekitaldia zuzenean ikusi ahal izango da Goierriko Hitzaren web atarian.
Goierriko Gure Esku Dago batzordeek herritarrei Donostiara trenez joateko deia egin diete. Eskuz esku eta herriz herri jositako oihal zati guztiak, Urumea ibaiaren bueltan elkartuko dituzte eguerdian. Donostiako sei zubi nagusien inguruan antolatuko dira. Eskualdeka, zubi edo tarte bat bete beharko dute; Goierriri, Amarako Lehendakari Agirre zubia dagokio. Parte hartzaileei, 11:30erako bakoitza bere tokian egoteko deia egin diete antolatzaileek.
Oihal zati guztiak batuz, sei zubien artean oihal katea osatuko dute, 12:00etan. Orduerdi iraungo duen ekimena izango da. Segidan, hainbat musika kolektibok lagunduta, zubi bakoitzetik kalejiran joango dira denak, Anoeta aldera. Estadioko ateak 16:30ean zabalduko dituzte, eta ekitaldi nagusia, 17:30ean izango da. Festa luzatu nahi dutenek, 20:00etatik aurrera erromeria izango dute.