Zabaldu dituzte oihalak Donostian eta
Gaurko hautetsontzia biharko erabakia lelopean, Urumea zeharkatzen duten sei zubietan bildu dira herritarrak, erabakitzeko eskubidea zabaldutako oihalekin aldarrikatzeko; ordu erdiko irudi horrekin,
Gure Esku Dago egun osoko jaialdiari hasiera eman diote. Guztira 2,5 metroko 2.000 oihalekin osatu dituzte kate erraldoiak zubietan, eta festa giroak hartu du hiria, herritarren artean kateak osatzen joan den bitartean.
Gipuzkoa osoko
25.000 lagun bildu dira zubietan, eta zubiz zubi, Goierri, Lasarte, Hernani, Oarsoaldea, Urola Kosta, Debagoiena, Tolosaldea, Debabarrena, eta Bidasoako herritarrak bildu dira. Horrela,
5.000 metroko oihal katea egitea lortu dute denen artean. Gure Esku Dago mugimenduak 11:30erako egin du zubietan elkartzeko deia, eguerdirako dena prest egon zedin. Katea osatu eta oihalak zabaltzean, agerian gelditu dira azken hilabeteetan herriz herri eta auzoz auzo ehundutako oihaletan herritarrek idatzitako lelo eta aldarrikapenak, iaz egindako giza katea gogora ekarriz.
Oihalez osatutako kateak herritarren arteko batasuna islatzen du, baina egunaren hasiera besterik ez da izan; kateatutako oihalak sortuta,
zubirik zubi kalejira egingo dute herriarrek Anoetaraino, bertan izango baita jaiaren helmuga. Horrela, zubi bakoitzean festa giroa alaitzen joan dira: Zurriolan txistulariak, Santa Katalinan elektrotxarangak, Maria Kristinan trikitilariak, Mundaizen batukadak, Agirre Lehendakarian txarangak eta Realaren zubian dultzainero eta gaiteroak.
Donostian 60.000 lagun espero dituzte gaur, eta Gure Esku Dago mugimenduak 3.000 laguntzaile mobilizatuko ditu. Besteak beste, horietatik 800 oihal bobinen ardura hartu dituzte, eta haiek izan dira bobinak zubietan zabaltzen ibili direnak. Oihal festa amaituta, bobinak jaso, eta
Anoetara eraman dituzte kalejiran, hautetsontzi erraldoia herritarren milaka leloekin osatzeko.
Iruxuoko Hitzak iruditan jaso du eguerdiko ekitaldia; Ikusi
argazki galeria eta
bideoa. Arratsaldeko ekitaldi nagusia Goierriko Hitzaren webgunean jarraitu ahalko da.