Gipuzkoa mailan ez da horrelako mitinik egin azken 11 urteetan; estatu mailako atleta onenak Ordizian izatea espero dute.
Ordiziako Atletismo Sari Nagusia egingo dute uztailaren 4an, Txindoki Atletismo Taldeak antolatuta. Duela gutxi zendu zen Jose Antonio Peña taldekidearen omenez egingo dute mitina. Gipuzkoan azkeen 11 urteetan ez da antzeko ekitaldirik antolatu, eta estatu mailako atletarik onenak biltzea espero dute.
Altamira estadioa betetzea espero dute uztailaren 4an. Guztira 11 proba ezberdin egingo dituzte, eta besteak beste, Angel David Rodriguez
Pajaro, Nagora Agirre eta Alazne Furundarena bezalako atletak bilduko dira bertan. Aurkezpenean parte hartu duen Ramon Cid Espainiako selekzioko hautatzaileak azaldu duenez, “oso data garrantzitsua da, Europako eta Munduko txapelketetarako aukeraketa egiteko; atletak ere forma puntu onean etorriko dira”. Hala, gehienen helburua marka pertsonalak hobetzea izango dela azaldu dute, eta horrek, ikusgarritasuna emango dio Ordiziako mitinari.
Txindoki Atletismo Taldeko Egoitz Iztuetak berriz, mitin honek bi helburu dituela azaldu du, bata Jose Antonio Peña zena gogoratzea, eta bestea, “Gipuzkoan atletismo proben mailan zegoen gabezia hori estaltzeko, maila honetako mitin bat” antolatzea. Aurten aurreneko urtea izango du proba honek, baina helburua, datorren urtean ere antolatzea izango dela azaldu du; izan ere, Txindoki taldeak 40. urteurrena beteko du 2016an.
Markak hausteko moduan
Valentin Rocandio, Ramon Cid, Alazne Furundarena, Egoitz Iztueta eta Jose Migel Santamaria
Aurkezpen ekitaldian parte hartu duen Valentin Rocandio atlteta ohi eta prestatzaileak azaldu duenez, «Ordiziakoa pista ona eta azkarra» da; horregatik, «markak egiteko egokia» izan daitekeela uste du. «Baita garaia ere, kirolariak forma betean daudelako, eta honera datorrena, marka pertsonala hobetzeko asmoarekin etorriko delako».
Uste berekoa da Ramon Cid Espainiako atletismo hautatzailea ere. «Oso data garrantzitsua da, Europako txapelketetarako eta Mundialetarako aukeraketa egiteko». Zentzu horretan, Ordizian maila honetako proba bat antolatzeko egiten ari diren ahalegina eskertu du. Gainera, mitin hau «proiektu global baten parte» dela uste du, eta Ordizian atletismoa herritarrei gerturatzeko lan ona egiten ari direla. «Honen atzetik klub bat dago, eskola bat, kaleko probak… eta hau ere atletismoa bistarazteko modu bat da».
Atletentzako ere proba erakargarria izango da Ordiziakoa. Eta bereziki, Alazne Furundarenarentzat. «Ordizian korrika egitea beti da motibazio handi bat, azkenean jende ezaguna hor egoten delako». Orain gainera, fisikoki «oso momentu onean» dagoela azaldu du, eta markaren bat egiteko esperantzarekin joango da Altamirara.
Bere aldetik, Jose Migel Santamaria Ordiziako alkateak, «talde honek dituen gogo eta ilusioareki, dena ondo» aterako dela azaldu du. Proba honek «goi mailako atletismo proba batekin gozatzeko aukera» emango duela uste du, eta bide batez, «kirol honen Goierriko alma mater-a» izan zen Jose Antonio Peña gogoratzeko ere balioko duela.
Haurrentzako probak
Gaur zortzi, uztailaren 4an jokatuko da Ordiziako Atletismo Sari Nagusia, Altamira zelaian. Proba nagusiak 17:00etan hasiko badira ere, 16:30ean, umeentzako 60 metroko lasterketak egingo dituzte aurrena. Helduen probei dagokionean, 100, 400, 1.500 eta 5.000 metroko lasterketak egingo dituzte mutilek, baita luzeera jauzia eta pisu jaurtiketa ere. Emakumezkoak berriz, 100 metro hesiak, 200 metro, triple jauzia, pertika jauzia eta pisu jaurtiketa probetan ariko dira