Datorren urtearen amaierarako martxan izango dela uste dute. Ibilgailu elektrikoak baino ez dituzte ekoitziko lantoki berrian. Inbertsioa 60 milioi eurokoa izango da, bost urtean.
Iazko uztailean kaleratu zuten Irizar i2e modeloa, %100 elektrikoa. / Angel Elortza
Ormaiztegiko Irizar lantokiak argi du etorkizunean
hirietako mugikortasuna elektrikoa izango dela. Hala azaldu du Gotzon Gomez esportazio arduradunak. Hori dela eta, autobus elektrikoak ekoizteko lantokia eraikiko dute datorren urtean Adunan (Gipuzkoa). Oraindik azken baimenak lortzen ari dira, baina 2016 bukaerarako lantokia martxan izatea espero dute.
Gaur egun Salbatoreko lantokian ekoizten ditu Irizarrek autobus elektrikoak. Lantoki horretako ekoizpen ahalmena, ordea, hilean lau autobusekoa da, astean batekoa.
Etorkizunean eskaria hazi egingo dela aurrikusita erabaki du Irizarrek autobus elektrikoei soilik eskainitako lantokia irekitzea. «Lantoki handiena Ormaiztegikoa izango da gero ere; Adunakoa Irizarren barruko alor berri bat izango da», argitu du Gomezek.
Iazko uztailean kaleratu zuen Irizar Taldeak Irizar I2e autobus modeloa, %100 elektrikoa. Besteak beste, Donostian eta Bartzelonan daude martxan autobus horiek. Urtarrilean 2015.
urteko autobus onenaren saria jaso zuen Irizar i2e modeloak Espainian.
Irizarrek bost urtetan
60 milioiko inbertsioa egingo du Adunako lantokian. Lantokia bera eraikitzeko izango dira 20 milioi. Gainontzeko 40 milioiak, berriz, teknologian eta ikerketan inbertituko dituzte. Gomezek azaldu du Irizar «apostu teknologikoa» egiten ari dela, «aurrean jarraitzeko gakoa jakituria delako».
China eta India utzi dituzte
Irizarrek garrantzia ematen dion beste alorretako bat nazioartekotzea da. Helburu horren barruan hainbat lantoki dituzte atzerrian: Mexikon, Brasilen, Hego Afrikan eta Marokon. Asian, berriz, beste bazkide batzuekin batera ekoizten zituzten autobusak, Txinan eta Indian. Irizarrek, ordea, herrialdeko horietako
akzioak saldu ditu eta bertan behera utzi du Asiako produkzioa.
Gomezek azaldu duenez, herrialde horietako
estrategia ez zetorren enpresarekin bat. «Irizarrek Premium produktuak eskaini nahi ditu, kalitate altukoak». Asiako estrategia, berriz, kantitate handiak ekoiztea eta prezio baxuan saltzea dela adierazi du, eta ez kalitatearen alde apostu egitea.
Autobusen eta autocarren arteko ezberdintasuna
Orain arte autocarrak ekoitzi ditu Irizarrek: hiritik hirira bidaiatzeko ibilgailuak. Adunako lantokian, ordea, autobusak ekoitziko dituzte: hiri barruan mugitzeko ibilgailuak. Etorkizunera begira, gainera, hiri barruan mugitzeko bestelako ibilgailu elektrikoak ekoizteko aukera ere ikusten dute.