Larunbatean egingo dute 17:00etan hasita. Atzo hasi ziren segalariak belarra ebakitzen eta gaur bukatuko dute.Hilabetez izan dute belardia itxita belarra hazteko.
Almitza sega elkarteko segalarien laguntzaz egingo dute Oiangun belar meta.
Ordiziako Oiangu parkea biziberritzeko helburuarekin Aranzadik antolatzen dituen ekintzen barruan, belar meta egingo dute larunbatean. Oiangu baserrian 17:00etan elkartuko dira ekintza horretan parte hartu nahi dutenak. Aurrez ez dago izenik eman beharrik.
Almitza sega elkartearekin lankidetzan gauzatuko du Aranzadik denboraldiko azken ekintza. Astean zehar segalariak prestaketa lanetan aritu dira eta larunbatean ere Almitzako kideek gidatuko dute egin beharreko lana.
Aurreko lanak
Belar meta bat ez da egun batetik bestera egiten. Horregatik, hilabetean itxita izan dute Aranzadikoek Oianguko zelai bat, belar meta egiteko nahikoa belar izan zedin. Atzo hasi ziren Almitzako segalariak belarra ebakitzen eta gaur bukatzeko asmoa daukate. Larunbatera bitartean, belarra ontzen edukiko dute. Egunotan eguraldia lagun dute bai belarra ebakitzeko eta bai ontzeko. Larunbaterako ere eguraldi ona dago aurreikusita eta pozik dira antolatzaileak.
Belarra bildu
Almitzakoek aurreko lanak egin ondoren, egun batez baserritar bihurtuko dira Oiangura gerturatzen direnak. Izan ere, partehartzaileen lehenengo lana, aurrez ebakitako eta ondutako belarra biltzea izango da. Antolatzaileek eramango dituzte lan horretarako beharrezkoak diren lan tresnak.
Jarraian, narran garraiatuko dute belarra belar meta egingo duten Oiangu baserri ingururaino. Aranzadiko Yoana Garciak azpimarratu nahi izan duenez, «belar meta Oiangu baserriaren ondoan jarrita, osotasuna eman nahi zaio baserri paisaiari».
Azkeneko ekintza
Martxoan hasi zituzten Aranzadi zientzia elkartekoek Oiangu parkea biziberritzeko ekintzak eta larunbatekoa izango da azkenekoa. Aurreikusitako ekintza guztiak egin dituzte eta gustura dago Garcia herritarren erantzunarekin: «10-20 bat lagun elkartu izan gara ekintza bakoitzean, adin desberdinetakoak, eta ekintzetan parte hartu dutenak gustura gelditu dira». Partehartzaile kopurua handitzea da Aranzadiren nahia, baina kopuruaren gainetik, herrian sortu diren harreman berriak nabarmendu nahi izan dituzte.