Goierri garaiko udalek sexu askatasunaren aldeko deklarazioa adostu dute
Igandean Sexu Askatasun eta Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatuko da eta Ezkio-Itsaso, Legazpi, Zumarraga eta Urretxuko udalek deklarazio bat onartu dute horren harira. Egun honekin 1969an Stonewallen (New York, AEB) gertatu
Igandean Sexu Askatasun eta Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatuko da eta Ezkio-Itsaso, Legazpi, Zumarraga eta Urretxuko udalek deklarazio bat onartu dute horren harira.
Egun honekin 1969an Stonewallen (New York, AEB) gertatu ziren istiluak gogoratzen dira. Izan ere, gertaera horiek sexu askatasunaren aldeko mugimenduaren hasiera markatu zuten.
Lau udalek historian zehar heteroarauetatik kanpo dagoena eta genero nortasunari lotutako anbiguotasun oro zigortu dela salatu dute. LGTBQ kolektiboak mundu osoan pairatzen duen jazarpena ere gogoratu dute. «1990 arte Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualitatea ez zuela patologien zerrendatik kendu eta gaur egun, oraindik ere, transexualitatea buru-gaixotasuntzat jotzen da psikiatriako liburuetan».
Hori guztia dela eta, egunero, gure artean ere, heterosexualak ez direnen aurkako erasoak ematen direla gehitu dute. Norbaiti «maritxua» edo «marimutikoa» deitzea, adibidez. «Kontuan hartu behar da, halaber, hiru handietatik urrun dauden udalerrietan, anonimatoan bizitzerik ez dagoen lekuetan, are zailagoa dutela LGTBQ kolektibo guztiek libre bizitzea eta horrek, askotan, migratzera eramaten ditu».
Horren aurka borrokatzera deitu dute gizartea. «Beharrezkoa da begiak altxatu eta mekanismo batzuk martxan jartzea heteropatriarkatuaren aginduei lotu ez eta beraien hautu sexualarekin zenbait arau sozialen balio unibertsala zalantzan jartzen duten pertsonek pairatzen duten biolentzia mota guztiak ere azpimarratzeko».
Zentzu horretan, LGTBQ kolektiboak egiten duen lana txalotu dute. «Kolektibo hauen borroka gizartearen demokratizazioa areagotzeko borroka ere bada. Tolerantzia handiagoa eta sistema heteropatriarkalak markatzen dituen arauen barruan ez dauden pertsona guztien aitorpena lortzeko borroka. Beraien borrokari esker, pixka bat libreagoak gara».
Bestalde, aipatzekoa da Urretxu eta Zumarragako gaztetxean ere egun hau ospatuko dutela, Koordinadora Feministaren ekimenez. Donostiako manifestaziora joango dira eta gaztetxean LGTBQ kolektiboaren bandera jarriko dute.