Okupazioa: alternatiba
Beasaingo, Ordiziako eta Urretxuko gaztetxeetan okupazioari buruzko jardunaldiak egin dituzte, eta eskualdeko errealiteatea zein den kontatu dute.
Gazteentzat ez da batere erraza gurasoen ...
Beasaingo, Ordiziako eta Urretxuko gaztetxeetan okupazioari buruzko jardunaldiak egin dituzte, eta eskualdeko errealiteatea zein den kontatu dute.
Gazteentzat ez da batere erraza gurasoen etxetik alde egitea. Alokairuko etxe gutxi daude, pisuak garestiak dira eta mailegua lortzea zaila, lan baldintzak gero eta kaskarragoak… Askorentzat alternatiba etxe huts bat okupatzea da. Eta egoera horren aurrean, Beasaingo, Ordiziako eta Urretxuko gaztetxeetan okupazioari buruzko jardunaldiak antolatu dituzte. Besteak beste, eskualdeko okupazio esperientziak ere hizpide izan dituzte jardunaldi horietan.
Idiazabalgo Txomenaneko eta Urretxuko eta Zumarragako esperientziak kontatu dituzte, adibidez, eta azken bi herri hauetako 1088 taldea ere gogoratu dute. Kolektibo hau duela 15 bat urte sortu zuten, etxe hutsak erabili egin behar direla aldarrikatzeko.
Garai hartako egoera egungoaren oso ezberdina zen. «Lana oso erraz lortzen zen eta gazteek, berehala, autoa erosi eta hipoteka sinatzen zuten. Etxebizitza alokatzeko aukerarik ez zegoen eta Segi gazte erakundeak talde bat sortzea proposatu zuen, gai hau lantzeko», gogoratu du Jokin Lasa urretxuarrak.
Higiezinen agentzietara eta udaletara informazio eske jo zuten eta, ondoren, bi herriak 1.088 zenbakia zuten kartelez bete zituzten. Izan ere, beraien kalkuluen arabera, Urretxun eta Zumarragan 1.088 etxebizitza huts zeuden. Jendea hipoteka bat ordaintzera kondenatua zegoela salatzeko, mahai inguruak eta manifestazioak ere antolatu zituzten. «Etxebizitzen kontura aberastearen aurka geunden. Etxebizitza eskubide bat da eta pisu baten truke horrenbeste diru ordaintzea bizitza sistemari ematea da», zehaztu du Lasak.
Hurrengo pausoa, okupazioa izan zen. Hasteko, Aizpurutxoko tren geltoki zaharra okupatu zuten. Lau hilabete eman zituzten bertan. Eraikin hori Azkoitiako Udalarena da eta gazteak handik botatzea erabaki zuen. «Txukun mantenduko genuela esan genien, baina bidaltzeko agindua eman zuten. Barruan geundela, leihoetan eta ateetan adreiluak jartzen hasi ziren. Azkenean, ertzainek bota gintuzten».
Okupek Urretxuko eta Zumarragako gazte askoren elkartasuna jaso zuten eta beste eraikin bat okupatzea erabaki zuten. Orduan, 20 edo 25 lagun Ezkio-Itsasoko Arantzazu hotelean sartu ziren. Handik gutxira bidali zituzten handik ere.
Kaleratzea salatzeko, akanpada bat egin zuten Areizaga-Kalebarren plazan. Hurrengo pausoa, Zumarragako Eitzaga auzoko eskola zaharra okupatzea izan zen. Orduan, baina, bertara joan aurretik, udalarekin harremanetan jarri ziren. Anton Arbulu alkateak bertan bizitzeko baimena eman zien, udalak eraikin horrekin zer egin erabaki arte. Taldean arazoak sortu ziren, ordea, eta handik alde egin zuten. Hori dela eta, hitzaldian, harremanak zaintzea eta komunikazioa lantzea oso garantzitsua dela azpimarratu zuten.
«Okupazioak merezi du»
Eitzagatik, Idiazabalgo Txomenane etxera joan zen Lasa, eta beste goierritar batzuekin batera bizi izan zen bertan. «Etxe hau indiano batek eraiki zuen eta 50 urte zeramatzan hutsik. Udala erosten saiatu da, baina ez du lortu», zehaztu du.
Ertzaintzak bota egin zituen, 13 orduko kaleratze operazio luze baten ondoren. «Batzuk teilatura igo ziren eta handik jaitsi zituzten. Gu, berriz, tubo bati lotuta egon ginen. Suhiltzaileei deitu behar izan zieten eta 13 ordu kosta zitzaien gu handik ateratzea. 2006ko ekaineko egun eguzkitsu bat zen eta ertzainek sekulako beroa pasa zuten. Gu atera bezain laster, alde egin zuten, eta ez ziren konturatu etxe barruan beste bi lagun ezkutatuta zeudela».
Handik urtebetera, beste gazte batzuk sartu ziren Txomenanera, eta bertan jarraitzen dute oraindik. Etzegarateko kaminero etxean ere zortzi urte daramatzate. Okupatzeak, «merezi» duela diote.
Okupatzea, urte luzetan etxebizitza bat ordaintzea baino hobe
Okupazioaren aldeko aldarria zabaldu nahi dute gaztetxeetako kideek. «Lotsa eta beldurra galdu behar ditugu eta, gogoa badugu, okupatu». Legearekin ez dutela arazo handirik izan eta okupatzea hipoteka bat ordaintzea baino hobea dela esan zuten. «Etxe bat erosten duena, etxetik botatzen dute eta gainera zorra ordaintzera behartzen dute. Justizia oso motel doa eta guk ez dugu arazo handirik izan legearekin. Goierrin etxe asko okupatu dira eta batzuk martxan jarraitzen dute. Lasai bizi dira. Gainera, gizarteak duela 10 urte baino begi hobez ikusten du okupazioa». Esperientzia aberasgarria dela diote. «Bizitza berri bati ateak zabaltzen ari zara».