Lazkaoko kanpoko igerilekua, beroari aurre egiteko Goierrin dagoen aukeretako bat
Gaur iluntzearekin batera tenperaturak jaitsiko direla iragarrita badago ere, datorren astean alderantzizkoa gertatuko omen da, eta bero larriari aurre egiteko alerta laranja ezarri du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Asteartean eta asteazkenean egongo da aktibatuta alerta laranja.
Euskalmet Meteorologia Euskal Agentziak iragarri duenez, datozen egunetan aire-masa beroa iritsiko da Euskal Herrira Afrikako iparraldetik. Litekeena da astelehenean gehienezko tenperaturak 35 graduraino iristea barrualdean, eta asteartean eta asteazkenean beroa areagotzea, eta termometroa 40 graduraino igotzea. Asteazkena izango omen da egunik beroena, eta baliteke hainbat tokitan 40 graduak ere gainditzea.
Beroari aurre egiteko gomendioak ere luzatu ditu Segurtasun Sailak: ura eta likidoak maiz edatea; bero handieneko orduetan etxean leihoak eta pertsianak itxita edukitzea; arropa arin eta kolore argitakoa janztea; dutxa edo bainu hotzak hartzea; eguzkia ekiditea edo, bestela, behar bezala babestea burua estaliz eta betaurreko ilunak erabiliz; haur eta adineko pertsonak bereziki zaintzea.
Goierrin eguraldi bero honi aurre egiteko aukera paregabea eskaintzen dute
kanpoko igerilekuek. Bederatzi daude guztira: Beasainen, Idiazabalen, Lazkaon, Legazpin, Ordizian, Ormaiztegin, Seguran, Urretxun eta Zegaman.