Udako denboraldiari ekiteko prest daude Goierriko igerilekuak

Goierrin bederatzi kanpoko igerileku daude. Bihar eta etzi irekiko dituzte Beasainen, Lazkaon, Legazpin, Ordizian eta Urretxun. Ormaiztegin eta Idiazabalen, astebete barru

Ordiziako Majori kiroldegiko kanpoko igerilekuak ekainaren 13tik irailaren 13ra egongo da irekita

Ordiziako Majori kiroldegiko kanpoko igerilekuak ekainaren 13tik irailaren 13ra egongo da irekita

Eguraldiak uda itxura handirik ez badu ere, uda gain-gainean daukagu. Ikasleak ere udako opor luzeen usainean dabiltza. Uda giroko ekintzak egiteko garaia da eta horren erakusle da, Goierriko kanpoko igerilekuetan bainu denboraldia hastear dela. Uda denboraldia asteburuan hasiko da Goierriko hainbat kanpoko igerilekutan. Beasainen izango dira goiztiarrenak, bihar bertan irekiko baitituzte kanpoko igerilekuak. Larunbatean, berriz, Lazkaoren, Legazpiren, Ordiziaren eta Urretxuren txanda izango da. Ormaiztegiko eta Idiazabalgo igerilekuak datorren asteburuan irekiko dituzte; eta Segurakoak eta Zegamakoak, San Joan egunaren bueltan. Azkeneko prestaketa lanetan ari dira igerilekuetako langileak: igerilekuak garbitu, urez bete eta osasun sailaren oniritzia jaso behar izaten dute ireki aurretik. Igerileku inguruko belardiak ere itxura onean daude. Beasaingo igerilekuko belardian urte askoan arazoak izan badira ere, iaz egindako lanei esker, egoera onean ikus daiteke zelaia. Jarraitu beharreko gomendioei dagokienean, sorosleen esanei jaramon egitea eta eguzkitik babesteko krema ematea aholkatzen dute igerilekuetako arduradunek. Sarrerak eta bonuak Sarreren prezioari begiratuz gero, merkeagoak eta garestiagoak daude. Beasain da garestiena; helduen sarrera arrunta, adibidez, 11,20 euro kostatzen da. Jon Alkaiaga Antzizar kiroldegiko kudeatzaileak zehaztu nahi izan duenez, prezio horretan kiroldegi osoko instalazioak sartzen dira. Barruko igerilekuak, txirrista, sauna, spa, gimnasioa, pilotalekua, umeentzako parkea… erabil daitezke. «Gainera, egun osorako balio du txartelak, nahi denean sartu eta atera daiteke kiroldegitik». Horrekin batera, 08:00etatik aurrera kanpoko igerilekuan dauden hamakak erabilgarri izango dira. Bonuen bidez errentagarriagoa ateratzen da, bakoitzaren beharretara egokitzen den bonua aukeratuta. Gero eta aukera zabalagoa dago bonuetan, gainera. Hiru hilabeteko edo hilabeteko bonuak eskaintzen dituzte eskualdeko igerilekuek, banakakoak edo familiakoak. Azken kasu honetan, familia eredu desberdinak kontuan hartzen dituzte hainbat herritan. Legazpin esaterako, guraso bakarreko familiek prezio bereziak dituzte. Ikasleek, langabetuek eta jubilatuek ere sarrera eta bonu merkeagoak dituzte. Hainbat igerilekutan, 10 sarrerako bonuak eskaintzen hasi dira. Horien aurten daude Urretxu, Legazpi eta Lazkao. Liburutegiak eta tabernak Urretxun eta Beasainen liburutegia igerilekura eramango dute. Egunkariak eta aldizkariak irakurtzeko aukera egongo da bertan, baita liburuen eta bideoen mailegu zerbitzua jasotzekoa ere. Beasainen kasuan, iaz, egurrezko etxetxo bat erosi zuten liburutegi zerbitzua eskaintzeko. Beasaingo, Ordiziako, Urretxuko eta Segurako igerilekuek jatetxe zerbitzua ere eskaintzen dute. Ordiziaren kasuan, bazkaltzeko plater konbinatuak, ogitartekoak, eguneko menua eta menu bereziak eskainiko dituzte egunero; igandeetan baita parrilladak ere. Ostegunetan, ostiraletan eta larunbatetan afariak emango dituzte terrazan. UDAKO IGERILEKUAK Beasain
  • Irekiera. Ekainaren 12tik irailaren 13ra.
  • Ordutegia. Astelehenetik ostiralera (11:30-20:30era); larunbatetan, igandeetan eta abuztuan (11:30-20:00). Dena den, igerileku kanpoko hamakak 08:00etatik aurrera daude erabilgarri.
  • Sarrerak eta bonuak. Sarrera arrunta: helduak, 11,20 eta haurrak 5,60. Udako bonua (ekainetik irailera): familiakoa 204,58 euro, helduak 136,41 euro eta haurrak 68,23 euro. Hilabeteko bonua: familiakoa 120,17 euro, helduak 80,11 euro eta haurrak 40,05 euro.
  • Zerbitzu osagarriak. Liburutegi txokoa.
Idiazabal
  • Irekiera. Ekainaren 18tik (eguraldi txarra egiten badu ekainaren 20an) irailaren 13ra.
  • Ordutegia. 11:00-20:00.
  • Sarrerak eta bonuak. Sarrera arrunta: 3-14 urte bitartekoek 2,25 euro; 15 urtetik gorakoek 4,50 eta langabatuek (txartela aurkeztuz) 2,25. Familia bonuak: bikoteak 57 euro, bikotea gehi haur bat 62 euro eta bikotea gehi bi haur edo gehiago 68 euro. Banakako bonuak: 3-14 urte bitartekoek 28 euro, 15 urtetik aurrerakoak 43 euro eta langabetuek 28 euro.
Lazkao
  • Irekiera. Ekainaren 13tik irailaren 6a arte.
  • Ordutegia. Egunero 11:00etatik 20:30era. Ekainaren 15etik 19ra arratsaldez soilik (14:30-20:30).
  • Sarrerak eta bonuak. Sarrera arrunta: helduak 4,85 euro eta 18 urtez azpikoak 2,60 euro. Bonoak: familiarra 76,80 euro, banakako helduena 52,60 euro eta banakako gazteena 26,20 euro.
Legazpi
  • Irekiera. Ekainaren 13tik irailaren erdialdera.
  • Ordutegia. Astelehenetik ostiralera (10:00-20:00); larunbatetan (10:00-12:45 eta 15:30-20:00); eta igandeetan (10:00-13:45). Uztailean eta abuztuan: astelehenetik igandera (10:00-20:00).
  • Sarrerak eta bonuak. Sarrera arrunta: helduak 5,20 euro, 18 urtez azpikoak 3,15 euro. 10 saioko bonuak: 39 euro (+18) eta 23,50 (-18). Hiruhileko bonuak (kiroldegia + igerilekuak): helduak 69,50 euro, eta 18 urtez azpikoak 42,50; familiarrak: bikoteak 122,50 euro; bikoteak adingabe batekin 132,50; bikoteak seme-alaba helduekin 188,50; guraso bakarreko familientzako bonuak ere badaude.
Ordizia
  • Irekiera. Ekainaren 13tik irailaren 13ra.
  • Ordutegia. Ekainak 13 eta 14 (11:00-20:45). Ekainaren 15etik 19ra (15:00-20:45). Ekainaren 20tik irailaren 13ra (11:00-20:45). Uztailaren 26an eta irailaren 9an itxita egongo da.
  • Sarrerak eta bonuak. Sarrera arrunta: helduak 7,95 euro eta 18 urtez azpikoak 4,50 euro. Bonoak: familiarra 172,58 euro, banakakoa helduena 104,16 euro eta banakakoa gazteena 70,91 euro.
  • Zerbitzu osagarriak. Astearte, ostegun, ostiral eta larunbatetan umeentzako ekintzak (17:00-19:00). Tobogana (16:00-19:00).
Ormaiztegi
  • Irekiera. Ekainaren 20tik abuztuaren 31ra.
  • Ordutegia. 11:00-20:00.
  • Sarrerak eta bonuak. Sarrera arrunta: hiru urtez azpikoak doan; 3tik 7 urtera (2 euro); 8tik 15era (3,50 euro); 16 urtetik aurrera (4,50 euro). Bonuak: banakakoak (3-7 urte, 17 euro; 8-15 urte, 19 euro; eta 16tik gora: 32 euro). Familiarrak: bikoteak 52 euro, bikoteak gehi ume bat 60 euro; bikoteak gehi bi ume 70 euro; bikotea gehi hiru ume 75 euro.
Segura
  • Irekiera. Ekainaren 26tik abuztuaren 31ra.
Urretxu
  • Irekiera. Ekainaren 13tik irailaren 13ra.
  • Ordutegia. 11:00-20:00.
  • Sarrerak eta bonuak. Sarrera arrunta: 3-18 urte bitartekoek 2 euro, 18 urtetik gorakoek 4,60 euro, ikasleek eta langabetuek 3,45 euro eta 10 sarrerako bonua 40 euro. Bonuak (kiroldegia+igerilekuak): 3-18 urtekoek, ikasleek, langabetuek eta jubilatuek 54 euro, 18 urtetik gorakoek 108 euro, eta familiarra 161 euro.
  • Zerbitzu osagarriak. Bibliopiszina liburutegia.
 
HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa