![Izagirre](http://goierri.hitza.eus/site/files/2015/06/Izagirre.jpg)
Espainiako Txirrindularitza Txapelketa jokatu dute asteburuan Caceresen, eta Goierriko ordezkariek, emaitza onak lortu dituzte, bai Gorka Izagirre ormaiztegiarra, eta bai Irene Usabiaga ordiziarra, domina banarekin itzuli dira etxera.
Gizonezkoetan, erlojupeko proban egin du lanik onena Izagirrek. Ostiralean, zilarrezko domina lortu zuen ormaiztegiarrak; bigarren postuan bukatu zuen, Jonathan Castroviejo taldekidearen atzetik, 1:08ko aldearekin. Igandean, errepideko lasterketan, ez zuen halako zorterik izan, eta 60. postuan sartu zen helmugan, Alejandro Valverde irabazlearekiko 29 segundoko aldearekin.
Emakumezkoei dagokionean, Irene Usabiaga ordiziarrak lan bikaina egin zuen Euskal selekzioarekin. Erlojupeko proban, 4. postuan gelditu zen, Leire Olaberriaren atzetik. 23 urtez azpiko kategorian ordea, zilarrezko domina lortu zuen.
Beste goierritar batek ere, Ander Alonso mutiloarrak, lan ona egin zuen Espainiako Txapelketan, nahiz eta dominarik ez lortu. 23 urtez azpikoen mailan, laugarren postuan bukatu zuen Alonsok.