Agintaldiko lehen osoko bilkuran batzordeak eratu dituzte Beasainen
Beasaingo Arrano kultur elkarteari babesa agertu diote EAJk eta EH Bilduk mozio baten bitartez. Aldasoro alkateak soldata igo du Eudelen irizpideak jarraitutaAgintaldiko lehenengo osoko bilkura egin dute Beasaingo udaletxean. Udalbatzarren maiztasuna, ...
Beasaingo Arrano kultur elkarteari babesa agertu diote EAJk eta EH Bilduk mozio baten bitartez. Aldasoro alkateak soldata igo du Eudelen irizpideak jarraituta
Agintaldiko lehenengo osoko bilkura egin dute Beasaingo udaletxean. Udalbatzarren maiztasuna, batzordeen eraketa eta buruen izendapenak, erakundeetara joango diren ordezkarienak eta ordainsariak ezarri dituzte, hala Aitor Aldasoro alkatearena nola liberatuta egongo den alkate ordearena.Osoko bilkuraren amaieran EAJren eta EH Bilduren aldeko botoekin Espainiako Epaitegi Gorenak Arrano kultur elkartea desjabetzeko hartu duen erabakia «irmoki» salatzen duen mozioa onartu dute.
Agintaldi berrian bilkurek izango duten maiztasuna ezarri zuten. Gutxienez bi hilean behin egingo dituzte eta beti izango dira hileko azken ostegunetan 19:00etan.
Batzordeak eratu zituzten. Euskara eta kultura bereiztearen alde egin zuen Koldo Agirre EH Bilduko bozeramaileak eta EAJri aurreko agintaldian bereizketaren kontra egin izana leporatu zion.
EAJko alkateak euskara ez, arloari hizkuntza politika izendapena jarri diotela erantzun zion eta zeharka beste esparru guztietan landuko dutela gaineratu zuen. Agirrek azken lau urteotan ere hala egin dutela esanez amaitu zuen.
Beasaingo Udalak ordezkaritzak dituen erakundeetara joango diren zinegotziak izendatu zituzten. Guztiak EAJkoak izango dira. Agirrek aurreko agintaldian beste alderdiei Beasaingo Udala ordezkatzeko aukera eman zietela esan zion alkateari. Ez zuten aurka bozkatu baina EH Bildu abstenitu egin zen puntu honetan.
Alkatearen eta zinegotzi liberatuaren soldata gordinak 67.087 euro alkatearena eta 53.669 euro alkateordearena izango dira. Eudelek ezarritako kopuruak hartu dituzte aintzat. EH Bilduko zinegotziek kontra bozkatu zuten.
Osoko bilkuraren amaieran PSE-EEko bi zinegotzien kontrako botoekin onartu zuten Beasaingo Arrano kultur elkarteari babesa emateko EAJk eta EH Bilduk adostutako mozioa.