Almitza elkartekoek belar-meta egin dute Oiangu parkean
Almitza sega elkartekoek belar-meta egin dute Ordiziako Oiangu parkean. Ekitaldi hau Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak antolatu dute, parkeko ondarea ezagutzera emateko hitzarmenaren barne.Belar-meta larunbat arratsaldean egin zuten, eguraldi bika...
Belar-meta larunbat arratsaldean egin zuten, eguraldi bikaina lagun. Jende asko joan zen egunpasa eta guztiei belar-meta egiten laguntzeko aukera eman zieten. Aranzadiko Yoana Garcia ordiziarrak belar-meta egitearena bere gurasoei bururatu zitzaiela esan du. Almitzakoekin harremanetan jarri ziren eta Oianguko baserri ondoko zelaian belarra hazten utzi zuten. Ondoren, Almitzakoek belarra moztu zuten eta metaren estruktura egin zuten.
Larunbatean, behor baten eta pottoka baten laguntzaz, belarra metaren estrukturaraino eraman zuten. Horretarako, behorrei adar batzuk lotu zizkieten (narrak) eta belarra adarren gainean jarri zuten. Almitzakoek Oianguko belarra motza eta gogorra zela esan zuten, ongarritu gabe baitzegoen. Dena den, moldatu ziren.
Balorazio positiboa
Garcia oso gustura dago egindako lanarekin. «10-15 lagun elkartu ginen. Ikuskizun ederra eskaini genien jatetxeko terrazan zeudenei! Batzuk meta egitera animatu ziren. Nazioarteko meta dela esan daiteke, errumaniarrek ere lan handia egin baitzuten. Gainera, beraien lurraldean meta egiteko erabiltzen dituzten teknikak irakatsi zizkiguten». Bukatzeko, pintxoak jan zituzten eta sagardoa edan zuten.