Goierri landa eremutik
Goimen elkarteak Goierriko mapa argitaratu du, goierritarrak landa eremuaz sentikortzeko helburuarekin.
Goierri eskualdearen % 80 baino gehiago landa eremua da; ...
Goimen elkarteak Goierriko mapa argitaratu du, goierritarrak landa eremuaz sentikortzeko helburuarekin.
Goierri eskualdearen % 80 baino gehiago landa eremua da; mendiak, larreak eta basoa. 69.000 biztanleen %22 landa eremuan bizi da; gainerakoa sei herri nagusitan pilatzen da: Beasainen, Ordizian, Lazkaon, Zumarragan, Legazpin eta Urretxun. Horixe da Goimeneko Manex Aranburuk Goierriri buruz egin duen argazki orokorra. Datu horiek adierazten duten bezala, «Goierriri nortasuna landa eremuak ematen dio. Goierri erakargarri landa eremuak egiten du».
Hori horrela izanda, ordea, belaunaldi berrien artean eskualdearen eta landa eremuaren inguruko ezjakintasun handia somatu du bai Goimenek, eta baita Goierriko hainbat eragilek ere. «Toponimiaren eta bertako geografiaren ezagutzan galera edo urritze handia dago belaunaldi berrien artean. Bakoitzaren herriko errekaren izena edo mendi altuenaren izena jakiteaz harago, ezer gutxi ezagutzen dute herritarrek orokorrean».
Ildo horretatik, bi ideia nagusi horiek bateratu dituzte Goimenek argitaratu berri duen Goierri landa eremutik mapan. Goierri osoko lehenengo mapa bateratua eta osatua egin dute: «Garrantzitsua da eskualdearen ikuspegia edukitzea». Gizartea eta erakundeak sentikortzeko tresna izan nahi du mapak.
Irakaskuntzan ere horrelako materialaren falta nabaritu izan dutela nabarmendu dute Goimenetik. Beraz, «hezkuntzarako ere material erakargarria da».
Landa eremua bizirik
Landa eremua bizirik dagoela eta gizartean parte hartze handiagoa nahi dutela aldarrikatu nahi dute. Horren lekuko da, Goierriko maparen kolore nagusia berdea izatea; tonu desberdinetako berdea. Urteetan baserritarrek egin duten lanari esker du hainbat tonalitateko kolore berdea Goierrik. «Paisaia berak asko esaten du landa eremuan egiten den lanaz, edo paisaiaren zainketaz».
Dena den, gaur egungo Goierriko paisaia ez da egun batetik bestera sortutakoa. «Urteetan daukagun inguru zoragarri hau baserritarrei zor diegu. Urteetan eta urteetan egin duten lanari esker da», dio Aranburuk.
Ildo horretan, eskualdeko baserritarrak omendu nahi izan dituzte, herriz herri, baserrien izen guztiak jarrita. Errekonozimendu horrekin batera, «goierritarrak Goierriren kudeaketan baserritarrek parte aktiboa daukatela jabetzea» nahi dute.
Bi mapa batean
Bi mapa osatu dituzte. Alde batean, definizio handiko ortoargazkia erabili dute. «Ortoargazkia erabili dugu zenbat bide eta bidezidor dauden ikusteko, auzoak eta herriak nola saretzen diren ikusteko. Izan ere, bideek azkenean komunikazioa adierazten dute eta asko hitz egiten dute auzoen arteko harremanez», dio Aranburuk.
Lursailak eta mugak ondo bereizten dira mapan: «Bakoitzak bere lursailak azkar eta ondo identifikatu ditzake».
Hezkuntzarako ez ezik, «udaletxeetarako ere oso baliagarria ikusten dugu mapa hau. Herriz gaindi gero eta proiektu gehiago egiten ari dira, batez ere aisiarekin edo kirolarekin lotuta». Ehunmiliak eta Bi Handiak mendi lasterketak jarri ditu adibidetzat. «Mapa honekin, begirada batean ikusten da Goierri», zehaztu du.
Herri bakoitzeko mendi tontorrik altuenak ere nabarmendu dituzte mapan.
Auzoen garrantzia
Bigarren mapak, Goierriko 22 herriak biltzen ditu. «Industria ikuspegitik Goierri behea eta Goierri garaia banatzen bada ere, landa eremuan eskualdea 22 herrik osatzen dute».
Dena den, 22 herri baino askoz ere gehiago biltzen ditu: auzuneak eta bailarak. «Auzoei indarra eman nahi izan diegu, historian pisu handia izan dute eta».
Aldi berean, auzoak elkartu nahi izan dituzte; «Herriez gaindiko ikuspegi hori edukitzea garrantzitsua da eta batez ere landa eremuaz ari garenean». Adibide bat jarri du Goimeneko teknikariak: «Idiazabalgo Urtsuaran eta Segurako Kortaberri oso gertu daude, beraz, proiekturen bat elkarrekin egitea errazagoa izango da. Mapak herriz gaindiko proiektuak garatzearen premiaz jabetu arazi nahi du».
Toponomia, errekak, interpretazio zentroak, cromlech-ak, kobazuloak, trikuharriak, errotak, tumuloak, galtzadak, gasolindegiak, tren geltokiak, ospitaleak, atseden lekuak, industriaguneak…. jasotzen dituzte mapan.
Landa eremua ezagutuz
Bi mapez gain, Goierriko landa eremuari buruzko informazio osagarria bildu du Goimenek.
Abelburuak
Abelburu kopuru handia dago Goierrin: 32.961. Horietatik gehienak ardiak dira, 26.154. Esnetarako behiak 1.135 dira eta haragitakoak 3.067. Behorrak ere asko dira: 1.534. Ahuntzak, azkenik, 1.071.
Basoen azalera
Goierrin 29.458 hektarea baso dago. Zatirik handiena koniferoek hartzen dute, batez ere intsinis pinuak (9.613 ha). Hostozabaleko zuhaitzek osatutako basoak 13.781 ha hartzen ditu. Kasu honetan, pagoa da ugariena (7.066 ha).
Baserriak
Goierrin 1.732 baserri daude.
Herri mendiak
Herri mendiek eskualdearen 9.994 ha hartzen ditu. Horietatik 4.427 larreak dira.