«Karmele Jaioren mundu ikuskera oso gertuko sentitzen dut»
Maitane Legarreta Etxezarreta (Beasain, 1986) kazetaritzan lizentziatua da. Euskal Kulturaren Transmisioan aditu titulua eta Idazle Eskolako graduondoko ikasketak ere eginak ditu. ...
Maitane Legarreta Etxezarreta (Beasain, 1986) kazetaritzan lizentziatua da. Euskal Kulturaren Transmisioan aditu titulua eta Idazle Eskolako graduondoko ikasketak ere eginak ditu. Ogibidez euskara irakaslea da AEKn. Gaztezulo aldizkarirako liburu kritikak idazten ditu eta 111 aldizkarian idazleei elkarrizketa egiten hasi berria da.
Zein libururi egin diozu kritikarik onena?
Sartu Gaztezuloren webgunean eta zeuk ikusi!
Eta txarrena?
Txar-txarrik ez dut idatzi. Nire helburua ez da kanona erabakitzea, zer irakurri hautatzen laguntzea baizik.
Inoiz pentsatu duzu libururik idaztea?
Amestu izan dut horrekin baina, oraingoz, nahikoa dut tarteka zerbait idatzita, zaletasunari eutsita.
Zein motatako liburuak dituzu gustuko?
Distopikoak oso gustuko ditut. Mundua eta gizakia ezagutzen eta ulertzen lagunduko didan edozein.
Noiz irakurtzen duzu?
Ahal dudanean; nahiago goizean, burua fresko izan behar dut.
Idazle gogokoena?
Karmele Jaio, esaterako. Bere mundu ikuskera oso gertuko sentitzen dut.
Liburu gogokoena?
Karmele Jaioren edozein, José Saramagoren Ensaio sobre la Cegueira eta J.D.Salingerren The Catcher in the Rye.
Euskararik ez dakienak zer galtzen du?
Munduari begiratzeko leiho gehiago eta izateko beste modu batzuk.
Amets bat:
Buruan dudan proiektua gauzatzea eta gustura bizitzea, ilusioak eraberrituz.