UCI Pro Tour mailako bi talde izango dira aurten Ordizian, Movistar eta Orica GreenEdge. Ibilbidea iazko bera izango da; Gaintzan egongo da atentzio gune nagusia
Apenas hiru aste falta dira Ordiziako Klasikorako, eta dagoeneko, lasterketa ezaguna ari da forma hartzen. Antolatzaileak burubelarri dabiltza probari azken ukituak ematen, eta azken egunotan, parte hartuko duten taldeen izenak eta ibilbidea jakinarazi dituzte. Hasieran jarritako bi erronka nagusiak betetzea lortu dute dagoeneko; hau da, 13 talde lotuta izatea, eta horietako bat gutxienez, UCI Pro Team mailakoa izatea. Antolakuntza taldeko Jose Luis Sanzek azaldu duenez, «hori zen helburua eta borroka pixka bat eginda, baina azkenean lortu» egin dutela azaldu du.
UCI World Tourrean dabilen Movistar Team izango da aurtengo kartel buru eta faborito nagusia. Eta oraindik izenak baieztatzeko badaude ere, Eusebio Unzuek gidatzen duen taldeak Izagirre anaiak edo behintzat bietakoren bat ekartzea espero dute antolatzaileek. Sanzek «Ion Izagirre hemen izatea» espero dutela azaldu du. Gorkaren kasuan, ordea, ez dakite ziur, aurten Tourrera joatekoa baita. Orica Green Edge ere, Pro Team mailako taldea da. Talde australiarrak ere oraindik ez du eman Ordiziara ekarriko dituen txirrindularien izenik.
Movistarrekin batera, kontinental eta profesional-kontinental mailako beste 12 talde etorriko dira Ordiziara. Horien artean daude Orica GreenEdge, Caja Rural, Cofidis, Rusvelo, edota Murias taldeak, besteak beste. Euskal txirrundulariei dagokionean, Caja Rural eta Murias taldeek izango dute ordezkaritzarik handiena. Talde berdeak baieztatu dituen izenen artean daude Amets Txurruka, Francisco Javier Aramendia, Angel Madrazo edota Fabricio Ferrarri. Murias taldetik, berriz, Garikoitz Bravo lazkaotarrarekin eta Ion Ander Intsausti mutiloarrarekin batera, Mikel Bizkarra, Aritz Bagues, Imanol Estevez, Egoitz Garcia, Unai Inziarte eta Beñat Txoperena etorriko dira. Arkaitz Duran berriz, Efapel talde portugaldarrarekin etorriko da.
Iazko ibilbide bera
Aurtengo probarako, iazko ibilbide bera mantentzea erabaki dute. Honenbestez, Gaintzako aldapa izango da probaren atentzio gune nagusia. Puntu honek lasterketari «espektakulua» ematen badio ere, puntu arriskutsua izan daitekeela uste du Sanzek. «Iaz eta Euskal Herriko Itzulian zorte handia izan genuen eguraldiarekin, baina euria egingo balu, arriskutsua izan daiteke txirrindularientzat».
TALDEAK:
UCI world tour
· Movistar Team
· Orica GreenEdge
UCI pro continental
· Caja Rural – RGA
· Cofidis Solutions Credits
· Rusvelo
UCI continental
· Bike AID
· Burgos BH
· Efapel
· Keith Mobel – Partizan
· Inteja – MMR Dominican
· Murias
· Team Idea 2010 ASD
· Team Marseille 13 KTM