Eguerdian sinatu du beasaindarrak 2017ko ekainera arteko kontratua Bilboko taldearekin
Gorka Elustondo futbol jokalari beasaindarrak bi denboraldirako kontratua sinatu du Bilboko Athletic taldearekin. Eguerdian egin du agerraldia Ibaigainen eta Josu Urrutia presidentearekin batera. Aurkezpenean esan duenez, ez du inolako zalantzarik izan Reala utzi eta Athleticera joateko. “Ilusio handiarekin eta lanera gogo handiarekin nator”, esan du beasaindarrak. Elustondok aitortu duenez, “azkeneko urtea arraro samarra” izan da jokalariarentzat, Realak denboraldi bukaeran bakarrik azaldu duelako beasaindarreranganako “interesa”. Elustondo, baina, pozik dago Athleticen eskaintzarekin: “Ez dut zalantzarik egin Atlheticera etortzeko”, esan du.
Realarentzako, berriz, esker oneko hitzak izan ditu, txikitatik gaur egundaino eman izan dion guztiagatik. Dena den, bere kirol profesionaleko ibilbide berri hau gogoz hasi nahi duela gaineratu du: “Azken bi urteetan atzean utzi ditut lesioak eta indar handiz nator Atlheticera”. Josu Urrutia Athleticeko presindenteak ere hitz onak izan ditu goizeko aurkezpenean eta Elustondo “balio anitzeko jokalaria” dela nabarmendu du. Beasaindarra bigarren goierritarra izango da talde zuri-gorrian, Mikel Balentziaga zumarragarra taldekide izango baitu.
Elustondok Athleticekin duen kontratua deusezteko klausula 30 milioi eurokoa izango da.
17 urte Realean
Elustondok 2006an egin zuen debuta Realarekin, baina 17 urte egin ditu Donostiako taldean. Lehen taldearekin 225 partida jokatu ditu, eta 14 gol sartu ditu. Azken denboraldietan titular aritu da denboraldi hasieran, baina erregulartasuna falta izan zaio bere jokoari eta postua galdu du. Horrek, gainera, beasaindarrarenganako zalantzak sortu ditu sarri Realeko jarraitzaileen artean, eta txistu artean hartu izan dute sarri zaleek.