Iritzi batasunik ez
Haurrei etxerako lanak bidaltzearen gaiak hizpidea jarri ohi du eskola komunitatea sortzen duten eragileen artean. Aldagai askok eragiten diote eztabaida horri, ...
«Haurren erritmoa eta sistemaren funtzionamendua ez dira bateragarriak» «Etxerako lanak neurrian eta ikasle bakoitzak dituen beharren arabera bidali behar dira» «Gurasook irakasleen egoera ulertu behar dugu, baita haiek gurasoona ere» Idoia Apaolaza – PsikopedagogoaFrantziako Guraso Elkarteen Federazioak Etxerako lanen greba deitu zuen 2012an, eta 2014an LHn etxerako lanak galarazteko proposamena egin zuen Frantziako Gobernuak. Gerturago etorrita, Nafarroako Arartekoaren eskariz Nafarroako Eskola Kontseiluak 2011n egindako txosten bat ere badago. Haren arabera, lehen eta bigarren hezkuntza ikasleen %32,9k ordubete eskaintzen diete etxerako lanei; %50,7k ordu eta erdi, eta bi ordu eta erdi artean; eta %11,6k hiru ordutik gora. Egiaztapen argi bat utzi zuen txosten hark: zenbait ikaslek ez dutela etxean nahiko baliabide ekonomiko, kultural eta tekniko etxerako lanak era egokian egin ahal izateko, eta ondoen egiten dituztenak baliabide horiek dituztenak direla. «Horrek ezberdintasunak sortzen ditu ikasleen artean, eta gero eta arrakala handiago ere bai». Finlandiako eta Koreako ereduak beti dira aipagai etxerako lanez hitz egitean. Finlandian ordu erdi eskas eskaintzen dizkiete ikasleek etxerako lanei; han ez dira garrantzitsuak. Korean, berriz, akademia batera joan behar dute eskolako hariari jarraitu nahi badiote. Talka egiten duten bi eredu dira, baina emaitza aldetik biak ala biak arrakasta lortzen dute. Teoriatik errealitatera Etxerako lanak zertarako, edukiak ikasteko ala ikasleen artean lan ohiturak sortzeko? Gurasoen artean sortzen den beste galdera bat da hori. Eta hona hezkuntza munduan aritzen den guraso baten iritzia: «Ez luke ikasteko behar, edukiak irakasleek erakusten dituztelako, eskolan. Lan ohiturak sortzea bada helburua bai, gaur egun daukagun irakaskuntza munduan lan ohitura batzuk ez badauzkazu ez baituzu zereginik izango goi mailako ikasketa batzuei aurre egiteko. Interesgarria da lan ohitura horiek edukitzea». Tankera bertsuko ustea du Idoia Apaolaza psikopedagogoak (Ikaztegieta, 1980). Beasaingo Ttiklik elkargunean kontsultak eskaintzen ditu ostegunero, eta baita sorterrian jarria duen zentroan ere. Arreta gabezia, hiperaktibitate eta motibazio eza duten gaztetxo eta nerabeekin lan egiten du. Batetik teoria dagoela dio, eta errealitatea bestetik. «Niri asko gustatzen zait Maria Montessoriren filosofia. Eskola librea aldarrikatzen zuen, haurren erritmoa errespetatu behar dela, eta ni guztiz ados nago horrekin. Teoria orokorra da, eta oso ondo dago, baina errealitatean hori ezin da». Apaolazak, ordea, gaur egungo hezkuntza sistemari egiten dio erreferentzia. «Curriculuma irakurtzen duzu, eta ikasle bakoitzaren erritmoa eta aniztasuna errespetatu behar dela jartzen du. Baina zer gertatzen da? Lehia gogor batean sartuak gaudela, eta haurraren erritmoak eta sistemaren funtzionamendua ez direla bateragarriak. Zer gertatzen da lan munduan? Gutxieneko titulu bat ez badaukazu, oso zaila egingo zaizu lana bilatzea». Apaolazak ez du bere burua «etxerako lanen defendatzailea sutsutzat» jotzen, baina gaur egungo gizarteari begiratu behar zaiola dio. «Etxerako lanak neurrian eta ikasle bakoitzaren beharraren bidaltzearen aldeko naiz. Guraso bezala, defenda dezaket eskoletan gauzak beste modu batean egin ditzaketela, baina profesional bezala kasu bakoitzaren berezitasunak aztertu behar direla uste dut. Ni gizarte honetan bizi naiz, eta badakit zer dagoen». Ohiturak sortzearen alde Kontsultara joaten zaion ikasle baten kasuari egin dio aipamena. Bezero horren ikastetxean –edo ikaslearen irakasleak behintzat ez– ez dute etxerako lanak bidaltzeko ohiturarik, baina ikasle horrek behar omen ditu. «Nik neronek prestatzen dizkiot fitxak, benetan behar baititu». Apaolazarentzat garrantzitsua da haurrei gauzak kosta egiten direla sentiaraztea, hori bai, blokeoak saihestuz. «Orain gehiegi babesten dira haurrak, burbuila batean bezala dauzkagu, eta askotan eskola eta irakasleak etsaitzat hartzen ditugu. Nik uste dut lan-talde bat sortu beharko genukeela. Gurasook irakasleen egoera ulertu behar dugu, baita haiek gurasoon egoera ere». Etxerako lanak ikasleengan lan ohiturak sortzeko badira, begi onez ikusten ditu. «Unibertsitatean, esaterako, ikasi eta ikasi egin behar da, eta hori egiten da ikasketarako ohitura bat dagoelako. Eta ohitura hori umeengan txertatzea gurasoei dagokigu», zehaztu du.
Udako oporrak, etxerako lanak, deskantsua eta oreka Ikasturtean zehar nahikoa lan egin dutela eta oporrak deskantsatzeko direla. Inor gutxik jarriko du zalantzan baieztapen hori, baina horrek ez du esan nahi ezer egin behar ez denik. Apaolaza udan zehar «lan pixka bat» egitearen aldekoa da, batik bat urtean zehar atzetik eta ezinean ibiltzen den kolektiboari begira. «Oreka bat bilatzearen aldekoa naiz. Egunero egin daiteke zerbait, haurra ito gabe eta bere erritmoa errespetatuz. Ikasturtean ondo ibili bada malguagoak izan gaitezke». Gutxienetik, ohera sartu aurretik gurasoek haurrekin irakurketa saioa bat egiteak kalterik ez dakarrela dio.