Uztaileko lehenengo igandean antolatzen dute. Aizkorrin taldeko argazkia atera eta cavarekin topa egingo dute. Euskal labeldun hegaluze eta sagardo dastaketa izango da plazan.
Hegaluzea eta sagardoa dastatzeko aukera izango da etzi Zegamako plazan.
Uztaileko lehenengo igandearekin batera, festa eguna izaten dute Zegaman: Aizkorriko Lagunen Eguna. Herriko elkarte guztiek antolaketan parte hartzen duten eguna da bera.
Duela hamasei urte, Aizkorri Zegaman zegoela aldarrikatzeko egun bezala sortu zen. Zegama-Aizkorri maratoia ere egun horretan jokatzen zen, nahiz eta nazioarteko egutegian sartu zenean maiatzera pasa zuten lasterketa. Gaur egun, mundu osoan dira famatu Zegama eta Aizkorri bikotea.
Aizkorrira igoz
Aizkorrira igoz ospatzen dute Aizkorriko Lagunen Eguna ere, baina beste erritmo batean igota, jakina. Presarik gabe, erlojuari begiratu gabe, bakoitzaren erritmoan. Lagun giroaz eta inguruaz gozatzea da egun horren helburua.
Bi hitzordu jarri dituzte taldean Aizkorrira igo nahi dutenentzat: 06:30ean Zegamatik eta 07:30ean San Adriandik. Amezti Mendi Elkartekoek gidatuko dituzte taldeak.
Taldeko argazkia eta topa
Aizkorrira 09:30erako iristea da helburua bertan taldeko argazkia atera eta cavarekin topa egiteko. Aizkorri tontorrera joaten direnei herriko plazan egingo duten hegaluzea eta sagardoa doan dastatzeko txartela banatuko zaie. 12:30etik 15:00etara bitartean izango da dastaketa.