«Justuko gorputzaldiarekin» doa Igor Esnaola Gipuzkoako finalera
Igor Esnaola legorretar segalaria Gipuzkoako Ohiko Sega Txapelketa lehiatuko da igandean, Aian. Hilerri ondoko zelaian jokatuko da txapelketa, 12:00etan, eta harekin batera beste hiru segalari ariko dira nor baino nor: Jesus Mari Ormaetxea Urki, Julen Gabirondo eta Iban Pardo. Ordubetean kilo gehien ebakitzen duenak jantziko du txapela. Sarrera 10 euro da.
«Justu samarreko gorputzaldiarekin» egingo dio aurre Esnaolak finalari. «Maiatzean kirol desafio bat egin nuen Nafarroan, pasaera handia hartu nuen, eta haren arrastoa sumatzen dut oraindik. Fisikoki baxu antzera nago», azaldu du. Ekainaren 13an jokatu zen kanporaketa, eta Esnaola hirugarren lan onena eginda sailkatu zen. Urkik 2.641 kilo ebaki zituen, Pardok 2.553 –20na kilo kendu zizkieten txartel gorria ikusi zutelako–, Esnaolak 2.490 eta Gabirondok 2.391 kilo. «Nik hirurak ikusten ditut fuerte. Ikusiko dugu zer gertatzen den igandean».
Aurreko bietan txapeldun
Legorretako segalaria da azken bi urteetako Gipuzkoako txapelduna –iazkoa oraindik epaitegietatik bueltan dabil–, eta aurten, ekainean, Gipuzkoako Azkartasuneko txapela jantzi du.