Secundino Esnaola Big Bandak zabaldu du Goierriko Jazzaldia
Hasi da Goierriko Jazzaldia. Zumarragako Secundino Esnaola musika eskolako Big Band taldeak zabaldu du egitaraua, gaur arratsaldean plazan egiten ari diren emanaldiarekin. Pop eta Rock abesti ezagunen bertsioak egiten ari dira, beti ere jazz klabean. Uda giroko jaialdi honek sei kontzertu utziko ditu gaur eta bihar, Ordizia eta Arama artean. Gaur bertan, Girls in Band taldeak ere joko du, D’Elikatuz zentroko Sugaar eskenatokian.
Bihar berriz, Araman izango dira arratsalde parteko kontzertuak. 18:00etan hasita, Swingpapers eta Eva Fernandez Group taldeek joko dute, parkean. Gauean, Ordiziak hartuko du jaialdiaren erreleboa. 23:00etan, Barrena parkean, Elkano Browning Cream taldea ariko da; ondoren, gauerditik aurrera, Makala DJak berotuko du goizaldera arteko giroa.