Ataungo organo barrokoaren nazioarteko jaialdia larunbatean hasiko da
Ataungo Tourseko San Martin elizako organoa ardatz duen Nazioarteko IX. Jaialdia larunbatean hasiko da, eta abuztuaren 2ra arte lau kontzertu eskainiko ditu.
Emanaldi guztiak San Martin auzoko elizan dira, jarraiko larunbatetan —azkenekoa igandean da—, 18:00etan hasita. Lehen hirurak Ataungo Udalak antolatu ditu, eta laugarrena, ohiturari segiz, Donostiako Musika Hamabostaldiak. Egunkari honen papereko edizioan gaizki jarri zen azken kontzertuaren jo lekua: Ataunen izango da hori ere, eta ez Donostian. Esteban Elizondok eta Maximo Aierbek egingo dituzte aurkezpenak. Ataungo Udalak antolatu du zikloa, Enrique Lartundo Fundazioak diruz babestuta.
Beasaingo Loinatz abesbatza gonbidatu dute lehen kontzerturako. Gerardo Rifon organo-jotzailea (Donostia, 1962) ariko da organo barrokoan. Abesbatza Junkal Guerrerok zuzenduko du, eta Jaione Callejo eta Fernando Boto izango dira bakarlariak.
Bigarren saioa organoari osoki eskainiko diote. Bernard Brauchli organista suitzar ospetsua izango da Ataunen. Nazioarteko entzutea dauka, eta 1972tik mundu osoan eman ditu kontzertuak. Klabikordiorako eta organorako musika joko du, barrokoko musikagile goiztiarretatik hasi eta Mozart edo Cabanilles maisuenganaino iritsiz.
Ataungo hirugarren kontzertua, uztailaren 25ean, Miriam Cepeda eta Luis Alberto Requejo musikari bizkaitarrek emango dute, organoz eta klarinetez. Laugarren eta azken saioan, berriz, Fernando Gonzalo organista eta Gorka Zabaleta txistularia ariko dira.
Ataungo organoaren 250. urteurrena 2011n ospatu zuten. Lorenzo Arrazola oñatiarrak eraiki zuen, 1761ean. Gipuzkoan barroko estiloko bost organo bakarrik mantendu zituzten —duela hogei-bat urte, Aieteko Gurutziagara Burgostik ekarri zuten beste bat—: Ataun San Martinen, Gabirian, Beizaman, Elduainen eta Aizarnan.
Kontzertuak
Ataungo Organo Barrokoaren Nazioarteko IX. Jaialdia:
- Uztailak 11, larunbata. Loinatz abesbatza eta Gerardo Rifon organista. San Martin elizan, 18:00etan.
- Uztailak 18, larunbata. Bernard Brauchli organista. San Martinen, 18:00etan.
- Uztailak 25, larunbata. Miriam Cepeda organista eta Luis Alberto Requejo klarinete-jotzailea. San Martinen, 18:00etan.
- Abuztuak 2, igandea. Fernando Gonzalo organista eta Gorka Zabaleta txistularia. San Martinen, 18:00etan.