Garapen ekonomikoa eta enplegua, gizarte zerbitzuak eta aparkalekuak izango dira programaren ardatzak.
Koldobike Olabide Legazpiko alkatea, PSE-EErekin lortutako akordioa aurkezten, gaur. Alboan Oscar Valbuena zinegotzi sozialista. / Maialen Igartua
Beste alderdien babesik gabe lortu zuen Legazpiko alkatetza EAJko Koldobide Olabidek ekainean —PSE-EEko zinegotziek boto zuria eman zuten, eta EH Bildukoek eta Irabazikoek euren alderdia babestu zuten—. Dena den, datozen lau urteetan proiektuak aurrera eraman ahal izateko, PSE-EErekin programa adostea lortu dute jeltzaleek. Gaur aurkeztu dute akordioa Koldobike Olabide alkateak (EAJ) eta Oscar Valbuenak (PSE-EE).
Garapen ekonomikoa, enplegua sortzea, gizarte zerbitzuak indartzea, aparkaleku eta zirkuzazio arazoak konpontzea, azpiegitura publikoak eta kirol instalazioak egokitzea, turismoa sustatzea eta landa eremua garatzea dira adostutako programaren ardatz nagusiak.
Aparkalekuak Juanastegin eta Latxartegin
Programak jasotzen dituen puntuen artean dago, esaterako, etxebizitza tutelatuetan eta eguneko zentroan plaza gehiago sortzea. Aparkalekuen arazoa konpontzeko, berriz, Juanastegin aparkatzeko toki bat egokitzea proposatu dute. Latxartegin parking bat eraikitzea ere jasotzen du programak.
Auzoetarako irisgarritasuna hobetzeko, Laubidetik Urtatzara eskailera mekanikoak jartzea eta Junetorri autobus zerbitzua doakoa izatea proposatu dituzte, besteak beste. Kirol instalazioei dagokienean, kiroldegiko gimnasioa handitzeko eta kanpoko igerilekuan obrak egiteko asmoa erakutsi dute. Haurrentzako jolastokiak tapatzea ere sartu dute programan, euria egiten duenean erabilgarriak izan daitezen.
Zabor ontzi grisa, kontsulta egin bitartean
Zabor bilketaren gaia ere polemikoa izan da Legazpin. Galdeketa egiteko asmoa du udalak, eta, bitartean, edukiontzi grisak jartzea erabaki dute. Beste hainbat puntu ere jasotzen ditu programak, adibidez, herriko argiteria eta ur instalazioak aldatzea, energia aurrezteko. Argiteria aldatzeko urteko 100.000 euroko inbertsioa aurrikusi dute, eta ur instalazioak aldatzeko, urteko 120.000 eurokoa.