Herri bazkaria egingo dute, eta orain arteko "herri ereduaren" aldeko festa izango dela adierazi dute. Bihar da izena emateko azken eguna.
Aurtengo udal hauteskundeak ez dira ohikoak izan Zerainen. Orain arte zerrenda bakarra aurkeztu izan da Zeraingo Udalerako, Herri Kandidaturarena. Aurten, ordea, EH Bilduk bigarren zerrenda bat aurkeztu zuen, eta horrek eragin zuen eztabaida.
Herri Kandidaturak zerrenda erretiratzea erabaki zuen, udalean gobernu-oposizio sistema bat izatearen aurka baitziren, eta EH Bilduk lortu zuen alkatetza. Azken finean,
Zerain ulertzeko bi modu jarri dituzte aurrez aurre.
Testuinguru horretan, Zeraingo Herri Kandidaturak eta Herri Kandidaturako babeseko taldeak herri bazkaria antolatu dute iganderako.
“Orain arteko herri ereduaren aldekoa” eta “demokraziako bost alkateen omenezkoa” izango da bazkaria. Hala adierazi dute ohar bidez. Antonio Gartzia, Iñaki Berasategi, Antton Alustiza, Jose Manuel Oria eta Haritz Iztueta izango dira
omenduak.
Bihar da herri bazkarian izena emateko azken eguna. Mandion eman daiteke izena. Bazkaria 14:00etan izango da, pilotalekuan. Aurretik trikipoteoa egingo dute. Bazkaltzeko, berriz, entsalada, sardinak, sahieskia eta postrea jarriko dituzte. 20 euro da helduentzako prezioa, eta 5 euro haurrena.
Trikitilariak eta Sebastian Lizaso bertsolaria izango dira giroa alaitzen.